Santa Katalina jaietan murgilduko dira mundakarrak
Eguenetik zapatura bitarterako, kalejirak, Mundak ART, kontzertuak, bakailao txapelketa eta erromeria ibiltaria prestatu dituzte, besteak beste.
Santa Katalina Eguna barikuan (azaroak 25) bada ere, mundakarrek eguenean emango diete hasiera jaiei. Mundakako Udalak egitarau zabala antolatu du zapatura bitartean, eta Mundakara hurbiltzeko gonbita luzatu dute udaletik.
Azaroaren 24an, eguenean, 19:30tan Santa Katalina plazatxoan batuko dira mundakarrak, eta txistulariek gidatutako eta girotutako kalejira batean zeharkatuko dituzte herriko kaleak. Kalejira bukatu eta jarraian, plazan txistularien doinu artean dantzatzera animatu dituzte herritarrak.
Barikua, Santa Katalina eguna, izango da jaietako egun potoloa. 11:00tan hasiko dituzte Katalin Deunaren ospakizunak, txistulariek animatutako kalejira batekin. Jarraian, 12:00tan, ohitura den bezala, liturgia egingo dute Katalin Deunaren Baselizan. Hurbildutakoak gorputza berotan sartzeko aukera izango dute udalak eskainiko duen saldarekin. Jaiak herritar guztientzako pentsatuta daudenez, 12:30etan umeentzako jolasei emango diete hasiera. Aterri bada, Santa Katalina plazatxoan egingo dituzte, eta bestela, Islakale kiroldegian.
Bazkaldu ostean, jarraituko du jai giroak herrian. 17:00tan, Mundak ART ekitaldia izango da plazan.
Bestalde, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna denez, elkarretaratzea egingo dute 19:00tan, plazan. Ordu erdi beranduago, buruhandiak irtengo dira herriko plazara, eta 20:00tan, berriz ere, gorputza mugitzeko txanda iritsiko zaie: Eingo! taldeak erromeria ibiltaria eskainiko du.
Eguna ezin hobeto bukatzeko, Txilipitxeruen eskutik kontzertuak izango dira Santa Katalina plazatxoan. Euria egin ezkero, plazan aterako dute zarata Elortegi Anayak, Kolpers eta Joxpa taldeek.
Bakailao Eguna.
Zapatuan, azaroaren 26an, Bakailao Egunean batuko dira mundakarrak. 10:00tan emango zaio hasiera txapelketari. Eguerdi partera musika jarriko dute herrian zehar, eta 13:00tan aurkeztu beharko dira kazuelak. Jarraian, sari banaketa egingo dute.
Egitaraua:
- Azaroak 24, eguena:
- 19:30. Txistulariekin kalejira Santa Katalina Plazatxotik.
- Azaroak 25, domeka. Santa Katalina Eguna:
- 11:00. Txistulariekin kalejira.
- 12:00. Liturgia Katalin Deuna baselizan.
- Ostean, salda beroa.
- 12:30: Umeentzako jolasak, Santa Katalina Plazatxoan. Euria izanez gero, Islakale kiroldegian.
- 17:00: Mundaka ART ekitaldia plazan.
- 19:00: Elkarretaratzea emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna dela eta.
- 19:30: Buruhandiak plazan.
- 20:00: EINGO! erromeria ibiltaria.
- 21:00: Txilipitxeruen eskutik kontzertuak: Elortegi Anayak, Kolpers eta Joxpa.
- Azaroak 26
- 10:00. Bakailao Txapelketari hasiera.
- 13:00. Kazuelen aurkezpena.
- Ostean, sari banaketa.