Puntista gazteak lehen lerrora
Johan Sorozabalek eta Julen Del Riok Urko Lekerikaren eta David Minvielleren kontra irabazi dute, Jai Alai Winter Serieseko B multzoko partiduan. Garaipenak multzoko bigarren postuan ipini ditu. Lekerikak Jon Tamborindeguy ordezkatuz jokatu zuen, belaunean lesioa baitu.
Gazteek urrats bat aurrera egin zuten, atzo, Jai Alai Winter Seriesen. Johan Sorosabal eta Julen Del Rio nagusi agertu ziren Urko Lekerikaren (Unai Lekerikaren anaia gaztea) eta David Minviellen kontrako partiduan. Protagonista nagusiak, dena dela, Sorozabal miarriztarra eta Lekerika gernika-lumotarra izan ziren. Lehenengoak goi-mailako zesta-punta txapelketa batean onenen pare aritzeko gai dela frogatu zuen; bigarrenak, asteburuan 35. Berritxu Saria jokatu berritan, Jon Tamborindeguy azken orduan ordezkatu zuen, maila handian, gainera. Tamborindeguy belaunean min hartuta da, eta ez da Gernika-Lumoko neguko astelehenetako lehiaketan egongo, gutxienez, urtarrilera bitartean.
Jai Alai 1.200 ikuslez bete zen beste astelehen buruzuri batean, eta B multzoko pilotariek ez zuten hutsik egin: bikote biek norgehiagoka serioa eta, era berean, ausarta jokatu zuten, eta aurrerapauso handia izan zen, batik bat, gazteenen konfiantza indartzeko bidean. Lehendabiziko setaren hasieran gehien sufritu zutenak Minvielle eta Lekerika izan ziren: lehenengoari igarri zitzaion aspalditik Jai Alai lako pilotaleku batean jokatu barik zegoela; bigarrenak, aldiz, etxekoen aurrean eta Winter Seriesen presiopean jokatzeak beregain dakarren urduritasuna sumatu zitzaion. Lehen seteko protagonista Del Rio gasteiztarra izan zen; pilota biziagaz min egitea erabaki zuen. Sorozabalek, bere aldetik, arazoak eduki zituen bere zestaren takoagaz. Tantoz tanto, 12-12koa lortu zuten, Minviellek Zalantzen Txokoko errepikapena eskatu zuen arte, pilotak Del Rioren zesta barruan botea jo zuen ustean; dena dela, epaileek jokaldia ontzat jo zuten, eta Sorozabal eta Minvielle 12-15 nagusitu ziren lehen setean.
Bigarrenean, Lekerikak eta Minviellek estrategiaz aldatu zuten: pilota bizien ordez, mantsoagoa hautatu zuten sei tantoro. Horregaz, Del Rioren eskumakadak blokeatzen saiatu ziren. Taktika horregaz, etxekoen berotasunagaz eta Minvielleren babesagaz, Urko lehen setean baino erosoago aritu zen, erremate bikainak eginez. Sorozabalek, jokoan gehiago sartzeko asmoagaz, zestaz aldatu zuen, eta egoerari buelta ematen hasi zen: tantoak egin zituen sakez, horma bikoz eta alboz. Ez zen nahikoa izan bikote gorriaren erritmoari aurre egiteko, eta Lekerika eta Minvielle 15-9 gailendu ziren. Partidua, beraz, berdinketa haustean erabakiko zuten.