Memoria historikoaren eraikuntza soziala aztergai, Jardunaldi Antimilitaristetan
Hamargarren jardunaldiak izango dira aurtengoak, eta memoria historikoaren eraikuntza sozialean jarriko dute arreta. Urdaibaiko bi adibide aztertuko dituzte aurten: Gernikako Gerra-Presoen Ospitale Militarra (1938-1940) eta Angel Lekuonaren omenez jarritako Stolperstein monumentua.
Antimilitarismoari eta memoria historikoari buruzko Jardunaldi Antimilitaristak antolatu izan ditu Gernika Gogoratuzek 2013az geroztik. Ordutik, urtero zabaldu dute gerren kontrako mezua, eta etorkizuneko gerrak saihesteko asmoz herritarrak kontzientziatzea bilatu dute. Hamargarren jardunaldiak izango dira aurtengoak, eta memoria historikoaren eraikuntza sozialean jarriko dute arreta.
Eguenean, 18:30etik 20:00etara bitartean, hamargarren jardunaldietan murgilduko dira Astran. Hala, Gernikatik Mundurak, Gernika Gogoratuzek, Ideasurrek eta Astrak prestatutako jardunaldiaz gozatzeko aukera edukiko dute parte hartzaileek.
Hain zuzen ere, Urdaibaiko bi adibide aztertuko dituzte aurten: Gernikako Gerra-Presoen Ospitale Militarra (1938-1940), 269 preso In memoriam, eta Angel Lekuonaren omenez jarritako Stolperstein monumentua.
“Urdaibain egindako oroimen historikoa berreskuratzeko tokiko ekimenetan oinarrituko dira aurtengo jardunaldiak. Bi ikerketa horiek aurkeztuko dituzte euren egileek”, azaldu dute Gernika Gogoratuzeko ordezkariek.
1938-1940 Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarra.
Memoria historikoaren lanketan beste pauso bat eman dute aurten Gernikazarra Historia Taldeak eta Pipergorri Kultur Alkarteak. Hain zuzen ere, 1938tik 1940ra bitartean Gernikako ospitale militarrean benetan gertatu zena jakitea bilatu dute, ahalik eta datu gehienak bilduz, eta orain arte dagoen ezagutza zabalduz. Halaber, biktimen familien errehabilitazio soziala eta etikoa sustatu dute, gertatutakoak zauri handiak eragin zituelako. Hala, euren proiektuari buruz ariko dira Pipergorrikoak eguenean.
Ondorioz, 1938-1940 Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarra liburua argitaratu berri dute, bi ataletan banatuta: Gernikan hil eta 269 preso in memoriam. Gernikazarrako Etxanizek eta Vicente del Palaciok egin dute lehena, eta Amagoia Lopez de Larruzeak eta Iñaki Uribarrenak bigarrena. Lehen ikerketak zelan eta zergatik egin zituzten kontatzen dute Gernikazarrakoek, eta 269 presoak identikatu dituzte Pipergorrikoek.
Ospitalean hildakoak zenbatu dituzte, baina horiei merezi duten balioa eman gura izan diete Pipergorriko kideek. Hala, izena eta izana eman diete, eta hildakoen errelatoa jaso dute.
Anjel Lekuona.
Angel Lekuona busturiarra Hraistko kontzentrazio esparru nazian hil zuten, eta haren oroimenezko Stolperstein monumentua jarri zuten Busturian udan, Anton Gandariasen lanari esker.
Gandariasek jakin zuen 1945eko apirilaren 10ean fusilatu zutela Lekuona, Hirugarren Reicheko kontzentrazio esparru batean preso zegoela, Frantziatik erbesteratua izan ondoren. Izan ere, 36ko gerran Errepublikaren alde borrokatu zen, eta horrek erbestera eraman zuen gerra ostean, Frantziara. Han, hainbat kontzentrazio esparrutan egon zen, eta naziek Frantzia okupatu zutenean, deportatu, eta beste hainbat kontzentrazio esparrutatik pasa ostean fusilatu zuten, Hraistkon, gaur egungo Txekiar Errepublikarrean.
Gandariasek osabaren arrastoari jarraitu dio 20 urtez, eta ikerketen ondorioz, osaba 1943ko udan Gestapok atxilotu zuela jakin zuen: Flossenburgen beragaz egon zen Gregorio Urangak bidalitako gutunari esker jakin zuen Lekuonaren familiak atxilotu eta fusilatu zutela. Gutun horrek zehaztu zuen Lekuona 1945ko apirilaren 10ean hil zutela, bide bazterrean, beste zenbait presogaz batera.
Aurten, Busturiko Udalak eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Lekuonaren omenezko Stolpersteine plaka bat jarriko dute Altamirako enparantzan.
Herritarrei Astrara bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek.