Busturiko 150 lagun inguruk eman dute izena Euskaraldian
Busturiko Udalak zehaztu du 23 direla hitzetatik ekintzetara igaro diren entitateak, Ariguneak sortu eta euren egunerokotasunean euskaraz lasai berba egiteko apustua egin dutenak.
“Gogotsu” murgildu da Busturia Euskaraldian. Udalak adierazi du herria “gogotsu” dagoela hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea helburu duen ariketa sozialean parte hartzeko.
Hala, adierazi du 150 lagun inguruk eman dutela izena, bai Ahobizi bai Belarriprest aritzeko. Eta, zehaztu du, 23 direla hitzetatik ekintzetara igaro diren entitateak, Ariguneak sortu eta euren egunerokotasunean euskaraz lasai berba egiteko apustua egin dutenak.
Abenduaren 2ra bitartean, eta hortik aurrera ere, Euskaraldiak herritarren hizkuntza ohituretan aldaketak eragitea espero du udalak. “Gure euskararekiko konpromisoa agerian geratu da herrian, Euskaraldian parte hartzeko animatu diren herritar kopurua ikusita”, adierazi du Aitor Aretxaga herriko alkateak, eta gehitu du euskara bultzatu beharra dagoela. “Belarriprest eta Ahobizi, bakoitzak aukeratu duen papera hartuta, dagokion txapa janztera gonbidatzen diogu. Euskaraz berba egiteko deia egiten dugu, hori baita Euskaraldiaren helburua eta gure gogoa, gure hizkuntza bultzatzea, hori erabiliz”, argi adierazi du.