Bizipuntua eta argiztapen erangikorra izango ditu Muruetako bidegorriak
Muruetako Udalak LED teknologiadun 32 farola instalatuko ditu bidegorrian zehar. Bizikletari konponketa txikiak eta mantentze lanak egiteko gunea da Bizipuntua.
Muruetako bidegorriak Bizipuntua eta argiztapen jasangarria izango ditu. Erabaki hauek Muruetako Udalak mugikortasun jasangarria, irisgarritasuna eta bide-segurtasuna lantzeko duen konpromisoarekin bat datoz.
Udalak azaldu duenez, 3,5 kilometroko bidegorria oinezko eta txirrindulari askok erabiltzen duten arren, “argi gutxiago dagoen garaietan asko jaisten da horien joan-etorria”. Gabezia horren aurrean, Muruetako Udalak energiaren aldetik erangikorra den argiztapen-proiektu baten alde egin du: kontsumo txikiko LED teknologiadun 32 farola instalatuko ditu bidegorrian zehar. Lehenengo fasean, Kamiñoko oinezkoen pasabidetik Larrondo etxerainoko tartean (560 m), hamalau LED kale-argi jarriko dituzte, eta bigarrenean, Abrasolo bidearen irteeratik Flores etxerainoko tartean (530 m), hamazortzi.
Bidegorria hobeto argiztatzea “herritar askoren eskaera” izan dela azaldu du Muruetako alkate Julen Karrionek. Bidegorria, Muruetako auzoen arteko komunikaziorako “garrantzitsua” da, eta herritarrei herritik mugitzeko zein kirola egiteko askatasun handia ematen dien bidea dela azpimarratu du Karrionek. Gainera, “eskualde mailara begira dagoen azpiegitura bat” dela gogoratu du alkateak, eskualdeko jende askok erabiltzen baitu.
Bestalde, Benta Solon, negutegiaren ondoan, Bizipuntua jarri dute. Erabaki hau Bizkaiko Foru Aldundiko garraio eta mugikortasun jasangarria sustatzeko saiarekin batera hartu du Muruetako Udalak. Bizipuntua bizikletari konponketa txikiak eta mantentze lanak egitera bideratuta dagoen gunea da. Horretarako, erabiltzaileek tresna hauek eskuratu ditzakete bertan: bihurkinak, giltsa ingelesak, giltza finkoak, allen giltza, puzteko eskuzko sistema bat, manometroa eta bizikletak garbitzeko mahuka bat. Bizikleta zintzilik eusteko zutoinak bi beso bi baditu.
Bizipuntuaren kokapena aukeratzeko bi irizpide izan ditu kontutan udalak; lehena, sarbide errazeko gune baten egotea, bidegorriaren ondoan; eta bigarrena, lanak eroso egiteko lekuan izatea.
Karrionek azaldu du udalak eskatu beharreko baimenak eskatu dituela eta kale-argiak “ahalik eta arinen” jarriko dituztela. Kostuari dagokionez, azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiko azpiegitura sailarekin hitzarmena sinatu duela Muruetak Udalak.