Urko Lekerikak Tambourindeguy ordezkatuko du Winter Series Txapelketan
Minviellekin bikotea osatuta jokatuko du Lekerikak Johan Sorozabal eta Julen del Rioren aurkako B multzoko norgehiagoka astelehenean. Aurrelari indartsua da gernikarra.
Urko Lekerika puntista gernikarrak Eusko Label Winter Series txapelketan debutatuko du, min hartuta dagoen Jon Tambourindeguy ordezkatuko baitu astelehenean lehiatuko duten laugarren jardunaldian. Eskuin belauneko atzeko lotailuan min hartu du Bidarteko pilotariak, eta, horri, kartilagoen kondropatia bat gehiatu behar zaio. Ondorioz, Minviellekin bikotea osatuta jokatuko du Lekerikak Johan Sorozabal eta Julen del Rioren aurkako B multzoko norgehiagoka.
Aurrelari indartsua da gernikarra. Pandemia urtean Del Riogaz jokatu zuen Gernikako Grand Slama, eta euren garaipen nabarmenena izan zen Jokin Arbe eta Aimar Aldazabalen aurka lortutakoa: 12-15, 15-5, 4-5; astelehenean bere bikotekidea izan zenaren aurka jokatuko du.
Gazteentzako aukera.
Puntista gazteentzat gaitza da lehen mailara salto egitea, baina Winter Series txapelketak hainbat aukera eskaini dizkie euskal herriko gazteei, izan ere, euren presentzia nabaria da goi mailako lehiaketan. Sorozabal (21 urte), Thomas Urrutia (21 urte), Lekerika (22 urte), Del Rio (26 urte), Thibault Basque (26 urte)… nor baino nor gehiago ari dira zesta-puntako izen handiko aurkarien kontra lehiatzen.
“Gazteek jakin egin behar dute zelan jokatzen den gugaz”. Hala dio Aritz Erkiagak Negua Badator dokumentalean, eta nabarmentzen du garrantzitsuena dela jokatzen hasi eta jokoaren abiadura horretara ohitzea. “Emaitzak emaitz, pilotari gazteek lehen mailara salto egin behar dute, eta urte batzuen buruan goi mailan egon. Horretarako, esperientzia hartzen joan behar dira”, azaldu du Ispasterkoak.
Horren adibide dira aipatutako pilotariak. Sorozabal Daniatik Euskal Herrira etorri zen udan, eta emaitza onak lortu ditu Iparraldean. Masterra irabazi zuen Lopezekin eta Munduko Txapelketan ere jokatu zuen Estatu Batuetako selekzioagaz. Del Rio gasteiztarra gero eta txapelketa gehiago jokatzen ari da goi mailan: Markina-Xemein, Hondarribia eta Donostiako Grand Slamak jokatu ditu aurten, baita udako Hossegorko denboraldia ere.
Basquek Iparraldeko zein Hegoaldeko txapelketa gehienak lehiatu ditu, eta Gernikako Grand Slameko egungo txapeldunordea da; Winter Series txapelketako lehen partiduan “konfiantza handiz” jokatu zuen. Eta Urrutiak ere merezimendu osoz lortu du Winter Series txapelketarako txartela: Aimar Aldazabalegaz batera, Pro-Am txapelketan gailendu zen.