Santa Luziako eskola zaharra gizarte etxe bihurtu dute
Antzinako eskola berriztu eta gizarte etxe eta kultur espazio bihurtu dute. Gaur inauguratu duten arren, astelehenean zabalduko ditu bere ateak, eta astelehenetatik barikuetara erabili ahalko da, 16:30etik 20:00etara bitartean.
Urteetan hutsik egon den Santa Luziako antzinako eskola berriztu eta gizarte etxe eta kultur espazio bihurtu dute. Lurgorri Auzo Kultur Elkarteak 2018an aurkeztutako Lurgorriko eskolako proiektu proposamena onartu eta gero, beharrezko aldaketak eta lanak egin ditu udalak, eta gaur inauguratu dute gizarte etxe berria. Astelehenean zabalduko ditu bere ateak, eta astelehenetatik barikuetara, 16:00etik 20:00etara bitartean egongo da erabilgarri.
“Herri kulturak aurrera darrai, eta hori auzoko elkarteek egiten dituzten ekarpenei esker lortzen da. Herritarren parte hartzerik barik, bideraezinak dira proiektuak”, adierazi du Jokin Garatea udaleko kultur zinegotziak. Gizarte eragileei esker “herri baten izaera eta nortasuna” eraikitzen dela azaldu du, eta nabarmendu du kultura hori “garrantzitsua” dela Gernika-Lumo irudikatzen eta sortzen jarraitzeko.
Belaunaldiz belaunaldi herritarrek zein eragileek udalerriko kulturari “eutsi” egin diotela adierazi du Garateak, baina eustea ez dela nahikoa esan du, espazio kulturalak eraikitzearen garrantziaz jabetuta: “Irauteko prozesu horretan, eustea ez da nahikoa. Bizirik jarraitzeko ezinbestekoa da espazio kulturalak eraikitzea eta horietan parte hartzea. Santa Luziako eskolaren moduko espazioak zaindu, landu eta erabili egin behar ditugu”.
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatea ere egon da bertan, eta zaharberritutako eskola “txoko kultural” modura deskribatu du: “Gazte, ume zein nagusiek euren proiektuak sortzeko lekua da, txoko kulturala”. Herritar guztientzako “aberasgarria” den proiektua dela deritzo, ez bakarrik auzokoentzat. “Elkartzeko tokia da gazteentzat, euren ideiak sortzeko eta sustatzeko gunea. Kultura aberasten du”, esan du.
Lurgorri Auzo Kultur Elkarteak egindako “lan handia” eskertu du alkateak, eurek aurkeztutako eskola zaharra egokitzeko proiektua onartu zutelako udalean: “Ordutik denbora asko pasatu da, pandemia bat tarteko, baina proiektua garatu dugu azkenean. Biziberritu dugu eskola zaharra”. Gehitu du udalaren laguntza izango duela guneak.
Kristina Arana kultur etxeko zuzendariak, bere aldetik, “kultura zabaltzeko” aukera “paregabea” dela onartu du: “Gizarte etxe hau zabaltzea onuragarria da auzoko bizilagunentzat, baina baita gernikar guztiontzat ere. Jende gazte asko dago hemen, eta lasai egoteko lekua behar dute gaztetxoek. Arratsaldeak bertan igarotzeko aukera eskaintzen du etxe honek orain”.
Adierazi du kultur proposamenak antolatu gura dituztela bertan, eta herritarren ekarpenak landu eta garatu gura dituztela. “Ideiak jasotzeko eta garatzeko prest gaude”, gehitu du.
Espazioak, banatuta.
Alor anitzeko lekua da antzinako eskola zaharra. 306 metro koadro ditu eraikinak, bi solairutan banatuta. Hala, nagusientzako tokia izaten jarraituko du, baina haur, gazte zein helduentzako lekua ere badauka orain. Beheko solairuko ezkerraldean, nagusiak egoten ziren karta jokoan, eta espazio horrek bere funtzionamendua izaten jarraituko du aurrerantzean. Hala ere, beste aldean, materiala gordetzeko espazioa eta ume txikientzako gune zabala sortu dute; mahaiak, margoak, liburuak… aurki daitezke bertan.
Goiko solairuan, berriz, beste bi gune desberdindu dituzte: batetik, balioanitzeko espazioa dago, gaztetxoak egoteko aukera eskaintzen duena, eta denetariko liburu, margo zein mahai-jokoetara jolasteko aukera eskaintzen duena; bestetik, ikasteko edo lanak egiteko gunea jarri dute, hainbat mahai eta aulkirekin beteta dagoena. Eraikinak, gainera, bi komun ere baditu.
Lurgorri asko handitu da azken urteotan, eta azpiegitura honek auzoko bizitza soziokulturala bultzatu gura du, “oinarrizko beharrizan sozial eta kulturalak sustatuz”.