Martxan dago Euskaraldia, hitza eskaini eta hitza eskatzeko ariketa soziala
Ekitaldi bategaz hasi zuten Euskaraldia atzo, Mundakan, eta hamabost eguneko ariketa sozialagaz bat egiteko argazkia atera zuten, berriz, Gautegiz Arteagan.
Hasi da hitzez ekiteko garaia, martxan dago hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa soziala. Hizkuntza portaera berriak sustatu gura ditu Euskaraldiak atzo hasi eta abenduaren 2ra arte, eta ekimenagaz bat egin dute Busturialdeko udalerriek. Ekitaldi bategaz hasi zuten hamabost eguneko ariketa soziala atzo, Mundakan, eta Euskaraldiagaz bat egiteko argazkia atera zuten, berriz, Gautegiz Arteagan.
Berba bakar batek sua pizteko boterea omen dauka, eta gogo horri eutsiz, hurrengo egunetan aho eta belarriak martxan izango dituzte eskualdeko bizilagunek. Berba eskainiz eta berba eskatuz jokatuko dute ahobizi eta belarriprestek hurrengo egunetan, eta euskarazko berbekin eraikiko dituzte zubiak, josiko dituzte sareak.
“Hitza da komunikatzeko daukagun tresnarik indartsuena. Hitzagaz azaltzen dugu nor garen, zer gura dugun eta nora goazen. Hitzez osatzen dugu gure memoria eta amesten dugu etorkizuna. Hitza elkarri esateko, ahobiziak belarriprestari eta belarriprestak ahobiziari”, adierazi zuten Mundakan.
Aitortu zuten ekintza dela gura duten hori errealitate bihurtzeko baliabidea: “Ekimenen bidez piztu dugu komunitatea, mantendu dugu sua bizirik. Ekinez lortuko dugu kalea irabaztea”. Ekinaren ekinez ariguneak ugaritu gura ditu Euskaraldiak, hau da, harreman sareak ugaritzeko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko lekuak eraiki gura ditu ariketa sozialak. Izan ere, erronkari aurre egiteko garaia dela uste dute antolatzaileek. “Hautuak harrotasunez erakutsi eta probatzeko garaia da Euskaraldia. Txapak jarrita gure nahia erakusteko garaia. Urrats sendoak emateko, bide barriak urratu eta ohiturak zein joko arauak aldatzeko momentua da. Babesturik, taldean, batera aritzeko aroa da”, esan zuten Mundakako ahobizi eta belarriprestek atzo.
Erronka hau jo, ez gorde golkoan. Garaipen txiki asko da jokoan. Martxan ipini aho ta belarri. Ari entzun, entzun ari. Euskara sustatzeko eta gizarte ekimenean parte hartzeko deia egiten du Euskaraldiaren Ezazu hitz bat kantuak, garaipen txiki asko lor daitezkeelako horrela, eta herritarrei txapak janzteko eta euskara erabiltzeko eskatzen die.