Ume errefuxiatuen eskubideen aldeko elkartasun mezua zabaldu dute ikasleek
Ume errefuxiatuen duintasuna bermatzearen aldeko adarrikapen berezia irakurri dute Bizkaiko 250 ikaslek; tartean egon dira Barrutialde Institutukoak.
Haur eta gazte errefuxiatuen eskubideen alde agertu dira gaur, Gernika-Lumoko Batzarretxean batutako lurraldeko 250 ikasleak. Osoko bilkura txikian parte hartu dute, Umeen Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira, eta bertan batutako 12 eta 14 urte bitarteko gazteek ume errefuxiatuen duintasuna bermatzearen aldeko adarrikapen berezia irakurri dute; tartean egon dira Barrutialde Institutukoak.
“Mundu osoan zehar milioika pertsonek une honetan sufritzen duten egoera salatu nahi dugu, beren sorterritik ihesi atera behar izan direlako. Gaur egun 89 milioi baino gehiago dira euren jaioterritik derrigorrez irten behar izan diren pertsonak”, gogorarazi dute ikasleek.
Hala, diskriminaziorik bariko gizarterantz pausoak emateko eskatu diete ikasleek agintariei, printzipio hori Umeen Eskubideei buruzko Konbentzioan jasotzen delako. Errefuxiatuen eskubideak bermatzea “lehentasuna” izan beharko lukeen gaia dela diote ikasleek, herrialde guztiek babestu beharko luketena: “Modu sistematikoan, neurri handiagoan edo txikiagoan, giza eskubideen urraketak jasaten dituzten pertsonak babestu behar dira”.
Lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak ez sortzeko aldarria zabaldu dute. Modu berean, batzuk diskriminatzean besteei dena eskaintzeak erakusten duen “enpatia falta” arbuiatu dute. Eta, kontrara, “gizarte modura bereizten gaituen aniztasuna” besarkatu beharra dagoela azpimarratu dute, “desberdintasunak aberastasun kultural eta pertsonalerako aukera modura ulertu behar direlako”.
Gazteek umeen eskubideak “alde batera ez uzteko” eskatu diete agintariei, horretan lan egitea etorkizuna defendatzea dela iritzita.
Ordezkari politikoek lurraldeko umeen eta nerabeen aldarrikapenak jaso dituzte. Izan ere, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Isidro Elezgarai Unicefek Bizkai, Araba eta Gipuzkoan duen burua egon dira bertan, eta eurekaz batera bertaratu dira Batzar Nagusietako talde guztietako ordezkariak eta Unicefeko beste ordezkari batzuk.
Osoko Txikia.
Umeen Eskubideen Nazioarteko Eguna da azaroaren 20an, eta parlamentuko lehendakariak ikasle komunitateko kideak eskertu ditu, aurtengo edizioan parte hartu duten 900 ikasleak, batez ere. Zehaztu du inoiz baino partaide gehiago izan direla Osoko Txiki hau osatu dutenak. Gainera, Otaduik bat egin du ikasleen aldarrikapenagaz.
Bestalde, Elezgaraik nabarmendu du Osoko Txikia “aukera paregabea” dela umeek eta nerabeek esaten dutena eta aldarrikatzen dutena entzuteko: “Ume eta nerabe bakoitzaren eskubideak aitortuta eta errespetatuta egongo diren gizarte bidezkoak, baketsuak eta inklusiboak sustatzeko, estereotipo eta diskriminazio barik lan egin behar da, inor atzea utzi barik”.
Ikasleen eskaerak:
- Giza eskubideen aplikazio parekidea exijitzen dugu.
- Ume errefuxiatuen duintasuna bermatzen eta bultzatzen dituzten politikak exijitzen dugu.
- Egungo gizarte arrazista, atzean uztea eskatzen dugu; diskriminaziorik gabeko gizarterantz aurrera pausuak emanez.
- Ume zein gazteok, jatorriko herrialdeetan, aske eta duin bizitzeko ihes egitera behartzen dituzten egoerak ekiditea eskatzen dugu.
- Errefuxiatu gisa gugana heldutako haurrari zein helduari, babesa ematea exijitzen dugu, jatorriko herrialdea edozein izanda ere. Gizartetik zein politikatik ongi etorriko jarrerak prestutasunez adieraziz.
- Errefuxiatuen babes eskubideari erantzuna ematerakoan Europako herrialdeen arteko errefuxiatuen birkokatze justu eta duina gauzatzea eskatzen dugu.
- Diskriminaziorik jasan barik, haurrek eta nerabeek iritzi zein pentsaera propioak izatea, eta askatasunez adierazteko eskubidea izatea exijitzen dugu.
- Gurean gizartean, zein beste txoko guztietan hedatzen den matxismoa deuseztatzea exijitzen dugu. Emakume izateak ez du baldintzatzailea izan behar ihes egin nahi izateko orduan.
- Muga fisikoak, hormak edota heziak desagertzea eskatzen dugu; mugen arteko zirkulazio askea. Guztiontzat, muga bat zeharkatzeko eskubidea berdina exijitzen dugu.
- Errefuxiatuek izan dezaketen egoera ezberdinen aurrean, banakako baldintzen eta beharren araberako erantzunak emanez jardutea eskatzen diegu.