Euskararen ariketa sozial masiboari ahotsa emanez
Garbiñe Garagarza Lekube Euskaraldiko komunikazio taldeko kidea da. Euskaraldiaren komunikazioagaz lotutako alderdiez arduratzen da. "Kaleak berreskuratzea" da aurtengo helburu nagusia, bere iritziz.
Garbiñe Garagarza Lekube (Mutriku, 1978) 2019an sartu zen Topagunean. Ordura arte, Euskaraldiagaz bazuen loturarik, herri mailako antolakuntza beharretan murgilduta ibilia baitzen. Urte horretan sartu zen Euskaraldiko komunikazio lantaldera; bertan egin ditu Euskaraldiaren azken aldi biak. Bere eguneroko atazez galdetuta, irribarre egin du mutrikuarrak: “Hainbeste dira!”. Euskararen ariketa sozial erraldoian parte hartzen duten denetariko eragileekin koordinazio lanak egiten ditu, besteak beste, batzorde, entitate edo norbanakoekin; denen arteko koordinazioaz gain, bakoitzaren zalantzak eta kezkak argitzeaz arduratzen da.
Baliatzen dituen bideei dagokienez, bere egunerokotasuna “ordenagailuari lotuta” dagoela adierazi du: Euskal Herri osoa moduko lurralde zabal bati eragiten dion ariketa denez, “guztiz beharrezkoa” da horretarako beren-beregi garaturiko sistema digitalizatua edukitzea. Hartu-emanak ezartzeko, “imajina daitezkeen kanal denetara” jotzen du Garagarzak: “Whatsappaz eta sare sozialez gain, aurrez aurreko kontaktua, ordenagailu bidezko bilerak, telefono deiak, mezu elektronikoak nahiz SMSak erabiltzen ditugu”.
Etengabeko harreman sare horren barruan, Garagartzarentzat “jendea eta jendearen errealitateak ezagutzea” da bere ogibidearen alderdi ederrena: “Euskal Herriko bazter denetako jendeagaz lan egiten dut; hori oparia da”. Beste ertzean, “menpekotasun teknologikoaz” mintzo da. “Gure eguneroko lana baliabide teknologikoen menpe dago, eta badira euskarriok huts egiten duten egunak, nire amesgaizto txikiak egun horiek dira; zorionez, orain artekoak sasoiz konpontzeko gai izan gara”.
Eraginkortasuna, helmuga. Erabiltzen duten kanal bakoitza “eraginkortasunez” baliatzen saiatzen dira komunikazio lantaldean: “Adin, eremu eta profil jakin batzuetako pertsonei bide edo euskarri jakin bat dagokie, komunikazioa ahalik eta eraginkorrena izan dadin”. Hori bai, Mutrikukoak argi du atseginen duena zein den: “Niri aurrez aurreko erlazioa gustatzen zait, beste pertsonaren inguruko informaziorik osatuena horrek eskaintzen baitu; balio erantsia dauka”. Aurrez aurreko saretzea foro, hitzaldi, ekitaldi eta bestelakoen bidez ezartzen dute.
Aste bi pasako ariketa soziala izan arren, Euskaraldiaren prestakuntza prozesua “etengabea eta, gutxi gorabehera, urte bikoa” dela azaldu du Garagarzak. Bide horrek, gainera, fase ugari ditu. Hurrengo ekitaldiaren prestaketa, esaterako, aurtengoa amaitzeagaz batera hasiko dute. Balorazioa da prozesuko lehendabiziko urratsa: “Amaitu berri den Euskaraldiaren irakurketak egiten ditugu, ertz denak aintzat izanda; hortik ondorioztatzen dugu zein gabezia egon daitezkeen hurrengo aldira begira”. Ostean, ikerketa hasten dute, “hobekuntzak diseinatzeko”.
Ikerketak dakarren planteamendu estrategikoa zehaztuta, horien garapenari ekiten diote: puntu horretan aplikatzen dute dinamika orokorra herri bakoitzeko idiosinkrasiara. Amaieran, entitateen eta norbanakoen sentsibilizazioari heltzen diote. Hainbeste erpineko zurrunbiloaren erdian, baina, Garagarzak ez du zalantzarik egin garrantzizkoena zer den adierazterakoan: “Txapak erabiltzea uste baino esanguratsuagoa da, kalean komunitate sentipena sortzeko. Lehen Euskaraldia berrikuntza izan zen; bigarrenean, egitea bera izan zen erronka, pandemiak kaleak ostu zizkigulako. Aurtengo jomuga, beraz, kaleak berreskuratzea da”.