Pipergorri: "Gernikarrok Iturri eta Briñas fusilatuen memoria jaso eta barneratu behar dugu"
Juan Carlos Iturri Soroa eta Clemente Briñas Muga gernikar sozialistak kartzelaratu eta fusilatu zituzten golpistek 1937an. Biak izan ziren Gernikako alderdi sozialistako kideak, Errepublika denboran zinegotzi izandakoak, eta euren memoria eskubidea aitortu beharra dagoela aldarrikatu dute Pipergorri Kultur Alkartekoek.
1937an, Golpistak Bizkaian sartu eta gero, Juan Carlos Iturri Soroa eta Clemente Briñas Muga gernikar sozialistak kartzelaratu eta fusilatu zituzten. Biak izan ziren Gernikako alderdi sozialistako kideak, Errepublika denboran zinegotzi izandakoak. Urgentziazko sumarisimoa ezarri zieten asaldatze delitupean, eta heriotza zigorrera kondenatu zituzten; ondorioz, Larrinagako kartzelatik atera eta Derioko kanposantuko horma baten kontra fusilatu zituzten, Iturrik 38 urte zituela (1937-07-03) eta Briñasek 59 (1937-07-25). Horregatik, memoria eskubidea aitortu behar zaiela aldarrikatu dute Pipergorri Kultur Alkartekoek: “Gernikarrok Iturri eta Briñas fusilatuen memoria jaso eta barneratu behar dugu”.
Gernikarren memorian Iturri eta Briñasi gertatutakoa ere gorde beharra dagoela adierazi dute. “Hori eskatu dugu Pipergorri eta Gernikazarra taldekoek Jose Mari Gorroñogaz aspaldian izandako batzarretan. Biak zinegotzi errepublikarrak izan arren, udalak ez du ezer egin Iturri eta Briñasen alde, eta, azkenean, Bilboko Euskalduna Jauregian PSE-EE alderdiak egin zien omenaldia Mas memoria. Mas justicia izeneko jardunaldi memorialistetan”, azaldu dute Pipegorrikoek.
Iturriren familiakoak bertaratu ziren omenaldira, eta Iturriren loba Izaskun Iturrik bere aitonaren eta Briñasen “memoria berreskuratzeko ordua zela” adierazi zuen: “Bazen garaia memoria berreskuratzeko. Herri bat ez da ezer bere historia barik, baina herri bat ez da hobea izango bere erruei eta lorpenei ez badie aurrez aurre aurpegira begiratzen. Gertatutakoa aitortu eta munduari erakutsi behar zaio. Orain arte herri honetako miseriak eta bizipenak isilpean gorde behar izan ditugu. Bada garaia argia pizteko”.
“Ertz ilunetatik atera” behar direla halako kasuak adierazi dute Pipergorrikoek, “gizartearen memoriaren betebeharraren harira”, eta Fernando Martinez Espainiako Estatuko Memoria Demokratikoko idazkariak gogoratu zuen familiek ministerioak eskaintzen duen Aitortza eta Erreparazio Adierazpen Ofiziala eska dezaketela, “orduko sumarioak eta ondorioak ilegalak izendatu dituztelako”.
Pipergorri eta Gernikazarraren izenean sei lagun bertaratu ziren omenaldira, familiari babesa ematera: “Oso giro abegitsua egon zen, emozioa azalean. Egin beharreko omenaldia dela uste dugu, izan ere, memoria bizirik mantendu behar da, inoiz baino gehiago. Iturri eta Briñasen memoria gernikarrona ere bada”.
Iturri, “eragile sutsua”.
Iturri “ekimen handiko pertsona, erreferente eta eragile sutsu” modura da ezaguna memoria sozialistan, eta familiakoek adierazi zuten “beti” egon direla harro aitonaz. “Bizi izandakoari buruzko isiluneak gorabehera, haren inplikazio politikoaren eta konpromiso sozialaren berri izan dugu, eta harro gaude. Bere bizitzarekin eta berbekin borrokatu zuen bidezkoagoa zen gizarte baten alde”, azaldu zuen bere ilobak.
Aitortu zuen “pertsona zintzo, ausart eta koherente modura” eraiki dutela haren memoria, “ihes egiteko aukerari uko” egin zion aitonarena. “Hitz gutxitan: haren zintzotasunaren berri izan dugu, eta ez askoz gehiago”. Adierazi zuen aitona ezagutu ez zuten arren, gurasoek haren ereduari jarraitu eta aitonaren balioekin hezi zituztela; hau da, justizia soziala, berdintasuna, elkartasuna, demokrazia eta zintzotasuna oinarri hartuta.