Gernikako ospitalean oheak jartzearen aldeko plataformak gutuna eman dio osasun sailburuordeari
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde Jose Luis Quintasi Gotzone Sagardui Osasun sailburuari zuzendutako gutuna eman diote Gernikako ospitalearen aldeko plataformako kideek Foruko mediku kontsultategiaren inaugurazioan, gaur.
Gernikako ospitalean oheak jartzearen aldeko plataformako eta Busturialdeko eta Leako Pentsiodunen Mugimenduko kideek Gotzone Sagardui Osasun sailburuari zuzendutako gutuna eman diote Jose Luis Quintas sailburuordeari gaurko Foruko kontsultategi berriaren inaugurazioan.
Gogoratu dute ospitalearen hasierako proiektuak 70 ohe aurreikusten zituen hirugarren solairuan, baina hirugarren solairua hutsik dago. Solairu hori erabat hutsik zergatik mantentzen duten galdetzen dute gutunean: “Eta zergatik ukatzen zaio populazio zaurgarrienari, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko gaixo kronikoei etxetik gertu ospitaleratzea, gaixotasuna larriagotzen eta laguntza aringarri bat ematea bizitzaren azken etapan urrun dauden Gorliz edo Santa Maria bezalako ospitale batera bidaliz?”.
Halaber, orain dela gutxi Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak iragarritakoari buruz ere galdegin diote gutunean. Gernikako Ospitaleko hirugarren solairuan 25 ohe soziosanitario jartzea aurreikusten duen proiektua publiko egin zuen Rementeriak: “Bilboko Birjinetxe egoitza publikoa aldundiak Bizkaiko beste leku batzuetara esportatu nahi duen erreferentziazko zentroa bada, zergatik ukatzen zaie aukera hori Busturialdeko eta Lea-Artibaiko biztanlee, eta horren ordez Osakidetzako espazio bat okupatzen da? Kontuan hartu behar dugu inauguratu zenetik zerbitzu gehiago eta hobeagoak hartu dituela beregain. Beste erakunde batek hirugarren solairua okupatzea utziz gero, ospitalearen ukaezina den hedapena oztopatuko luke”.
Gernikako ospitalean oheak jartzearen aldeko plataformako eta Busturialdeko eta Leako Pentsiodunen Mugimenduko kideek gaiaren garrantzia azpimarratu, eta gaiari buruzko informazio gutxi ematen dela salatu dute, beste behin.