Foruko mediku kontsultategi berria inauguratu dute
Bihartik aurrera herritarrei zerbitzua emango diete Torrebarrin dagoen osasun zentroan.
Gaur eguerdian inauguratu dute Foruko mediku kontsultategi berria, eta foruarrek bihartik aurrera Torrebarrin dagoen osasun zentro horretan jasoko dute zerbitzua.
“Forutarrentzako osasun zerbitzu duin baten aldeko apustu honi esker, kontsultategi irisgarri, eguneratu eta seguruagoa edukiko dugu Foruko bihotzean, eta garraio publikotik hurbil. Ibilbide honetan ez gara egon bakarrik; hau posible izateko instituzio desberdinen, Eusko Jaurlaritzaren, Osakidetzaren eta Bizkaiko Foru Alundiaren laguntza eta babesa ezinbestekoak izan dira” azaldu du Mikel Magunazelaia Foruko alkateak. Era berean, eskerrak eman dizkie “proiektuaren parte izan diren” garbitzaile, mediku, erizain, arkitekto eta langileei.
Foruko alkateak proiektuari buruzko azalpenak eman dizkie herritarrei. Instalazio berrian, 18 metro karratuko bi kontsulta daude, medikuarena eta erizainarena, sendaketa-gela, aireztatua eta distantziak errespetatuta seguru egon ahal izateko itxaron gela zabala, egokitutako komuna, biltegia eta hondakin arriskutsuen gela dauzka. Gainera, obra hori esker, biltegi edo espazio berri bat eskuratu du udalak, “etorkizunean beste erabilera batzuk ere eman ahal izateko”.
Magunazelaiaren berbetan, azken urteetan “mahai gainean eduki duten gaietako bat” izan da, eta argi eduki dute “Forua hazi dela eta gehiago haziko dela”, eta herriagaz batera, bere zerbitzuak hazi, eguneratu eta hobetu egin behar dituztela.
COVID-19aren pandemia denentzat “hausnarketa puntu bat” izan zen, eta udalean egindako hausnarketatik “bi lehentasun edo helburu” zehaztu zituzten: osasuna bermatzea, zerbitzu duin bat kontsultategi berri bategaz, eta bizitza soziala berreskuratzea, herriko taberna berri bategaz. Tabernaren proiektua “aurrera doala” jakinarazi du.
Pandemiagaz herriko kontsultategiaren “gabeziak inoiz baino gehiago azaleratu” zirela esan du alkateak. Osakidetzak proiektu berrientzat ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen dituen herriko eraikinak aztertu zituzten, eta denen artean, herrirako “aukerarik onena” Torrebarri taberna izandakoarena zela ikusi zuten, “kokapenagatik eta irisgarritasunagatik eta baldintzak betetzeko lokal bakarrenetarikoa zelako”.
Herritar eta udal ordezkariekin batera Osakidetzako ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako Jose Luis Quintas osasun sailburuordea eta Victor Bustamante Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendaria izan dira Foruan. Sailburuordeak esan du kontsultategi berriagaz “arretan eta zerbitzuan hobekuntza” igarriko dela, eta Osakidetzak egunez egun “bilatzen duela helburu nagusia hurbileko eta kalitatezko osasun asistentzia ematea”. Halaber, osasun langileen lana eta esfortzua goraipatu eta eskertu ditu, baita erakundeena ere: “Egunero erronka berriak eta zailak ditugu, eta hobetzen segitu behar dugu herritarrei ahalik eta arreta onena emateko”.