Finalaurrekoen bigarren faseko lehen saioan ariko da Enbeita, zapatuan, Amurrion
Zapatuan hasiko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen bigarren buelta Amurrion, eta bertako Bañueta kiroldegian 17:00etan hasiko den saioan ariko da Enbeita. Beragaz batera igoko dira oholtzara Agin Laburu, Aitor Bizkarra, Alaia Martin, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran.
Zazpi aulki daude libre Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean, eta hamazortzi hautagai ariko dira bertsotan finalaurrekoetan. Zapatuko Durangoko saioan erabaki zen zein bertsolari ariko ziren finalaurrekoen bigarren itzulian, eta horien artean daude Onintza Enbeita bertsolari muxikarra eta Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra.
Hamazortzi bertsolariak hiru bertso saiotan –Amurrio, Baiona eta Bilbo– arituko dira kantuan, eta horietatik zazpi sartuko dira finalean; abenduaren 3an jakingo da nortzuk izango diren. Izan ere, finalaurrekoen bigarren fasean lortuko dituzten puntuak lehen fasean lortutakoei gehituko zaizkie.
Zapatuan hasiko da bigarren buelta Amurrion, eta bertako Bañueta kiroldegian 17:00etan hasiko den saioan ariko da Enbeita. Beragaz batera igoko dira oholtzara Agin Laburu, Aitor Bizkarra, Alaia Martin, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran.
Martin da orain arteko sailkapenean puntu gehien bildu dituen bertsolaria, 729,5 puntu batu baititu guztira, eta seigarren postuan dago Iguaran, 710 puntugaz. Bata bestearen ondoan daude Bizkarra eta Laburu, 0,5 puntuko aldea baitago euren artean; 677,5 eta 677 puntu dituzte hurrenez hurren. Atzerago daude Artetxe eta Enbeita, hamabosgarren eta hamaseigarren postuan, hain zuzen ere; 644,5 puntu eta 639,5 puntu dituzte, hurrenez hurren.
Hurrengo asteburuan, azaroaren 26an igoko da oholtzara Ibarzabal, eta beragaz egongo dira Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto, Sustrai Colina eta Unai Agirre. Baionako Lauga aretoan lehiatuko dute, 17:00etatik aurrera.
Finalaurrekoetarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Amurrion bertan 15:00etan irekiko da leihatila; kiroldegiko ateak, berriz, 15:45ean.
Iñaki Muruak jantziko dio txapela txapeldunari.
Abenduaren 18an Nafarroa Arenako oholtzara igoko da Iñaki Murua, eta berak jantziko dio Betsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari txapela. Hala erabaki du Bertsozale Elkarteak, izan ere, Muruak egindako isilpeko lan handia eskertu nahi du.
Bertsolaria ez ezik, bertsolaritza mugimenduko eragile handia izan da Murua. Bertsolari modura, 1982an aurkeztu zen lehen aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusira, eta 1986koan eta 1989koan finalera ailegatu zen.