Santimamiñen identifikatutako ugaztunen 320 fosil hondakin baino gehiago aztertuko dituzte zapatuan
Pedro Castaños paleontologiako doktoreak eskainiko du hitzaldia 12:00etan, leizearen sarreran bertan. Sarrera doakoa da, eta ezinbestekoa da erreserba aldez aurretik egitea.
Gizateriaren Ondarearen Nazioarteko Eguna da gaur, baina Santimamiñen identifikatutako ugaztunen 320 fosil hondakin baino gehiago aztertuko dituzte zapatuan. Bizkaiko Foru Aldundiak Errinozeroak Santimamiñen izeneko hitzaldia antolatu du zapaturako, eta Pedro Castaños paleontologiako doktoreak eskainiko du hitzaldia 12:00etan, leizearen sarreran bertan. Sarrera doakoa da, eta ezinbestekoa da erreserba aldez aurretik egitea, 944 65 16 57 telefono zenbakira deituta edo bizkaia.eus helbidera idatzita.
Castaños izan zen Santimamiñe ermitaren azpiko leizean egindako indusketen zuzendaria, eta hitzaldian hamar espezietako ugaztunen 320 fosi hondakin baino gehiagoren bidez indentifikatu ziren animaliak aztertuko dituzte: bobido handia, sarrioa, elur oreina, hartza, katamotza, basakatua, azeria, oreina eta errinozero iletsua. “Animalia horiek Urdaibain bizi izan ziren Izotzaren azken glaziazioan edo aroan. Une horretan, klima hoztu egin zen, eta izotz eremuak ugaritu eta ozeanoen mailak murriztu ziren. Klima leuntzen joan ahala, espezie horietako batzuk, hala nola errinozero iletsua, iparralderantz jo zuten eta eremu horretara mugatu, eta, azkenean Siberian desagertu egin ziren”, azaldu du doktoreak.
Castañosek zelan egin zen aurkikuntza kontatuko du, baita zelan iritsi ziren animalia horiek Lezikako leizera, zer nolako harremanak zituzten gizakiekin eta zeintzuk izan ziren Erdi Arora arte bertan bizi izan zirenak ere.
Ondare ondasuna.
Santimamiñeko kobazuloak Goi Paleolitiko aztarnategi garrantzitsu bat dauka, baita labar artearen hainbat adierazpen ere. Horregatik, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (Unesco) Gizateriaren Ondarearen ondasun izendatu zuen 2008an, aparteko balio unibertsalak dituelako eta balio horiek gozatu, babestu eta zaindu behar direlako.
2007an, Santimamiñe baselizaren barnealdea birmoldatzeko lanak egin ziren, bertan kobazuloaren erreplika birtuala instalatzeko. Lan horietan, leize enigmatiko baterako sarrera aurkitu zuten, eta Lezika izena jarri zioten. Bertan, arkeologoek aztarnategi paleontologiko bat aurkitu zuten, handik gutxira induskatu zutena.
Ondarearen Nazioarteko Eguna.
1972ko azaroaren 16an Munduko Kultura eta Natura Ondareari buruzko Konbentzioa sinatu zen Parisen, batzuetan herrien historiaren erreferentea dena, eta, eta beste batzuetan, mehatxupean dagoen ondare enblematikoaren babes mota hori garatzeko oinarriak ezarri zituena. Gaur egun, Munduko Ondarearen Ondasunen Zerrendan 167 herrialdetako 1.073 leku daude –832 kultural, 206 natural eta 35 misto–, horien artean, Santimamiñe.