Ondarearen Europako Jardunaldien balorazio positiboa egin dute
Programa honek behar bezala bete du herritarren artean ezagutza modu atsegin, ludiko eta jasangarrian partekatzeko eta zabaltzeko helburua. Bertaratuek gehien baloratzen duten alderdietako bat inguruneko ondarea eta historia ezagutzeko modu hurbila eta didaktikoa da.
Bizkaiko 61 udalerritan banatutako 140 kultur proposamenen bidez, 227 ekitaldik bete dute Ondarearen Europako jardunaldien egitaraua aurten. Antolatzaileek diotenez, programak “behar bezala” bete du herritarren artean ezagutza zabaltzeko helburua, modu atsegin, ludiko eta jasangarrian egin baitu hori. Zehaztu dutenez, bisita gidatuak eta ibilbideak izan direla jende gehien bildu dituztenak.
Hain zuzen ere, horiek inguruneko ondarea eta historia modu hurbilean eta didaktikoan ezagutzeko aukera eman dietela adierazi dute parte hartzaileek. Era berean, oso positibotzat jo dira gidek partekatzen duten “dokumentazio eta ezaguta ona” eta edizio bakoitzean gai desberdinen bat aukeratzea, “lurraldeko historiaren eta ondarearen arlo askotan ezagutza zabaltzeko aukera ematen duena”.
Inkestek adierazi dute beste indarguneetako bat jardueren “dinamismoa, gida eta hizlariekiko elkarreragina eta ekitaldien familia izaera” direla, baita jarduerak aniztasun kultural eta funtzional desberdinetara egokitzeko aukera ere.
Bisitarien profila.
Parte hartzaileen artean egidako inkestek zenbat datu jasotzen dituzte, hala nola bisitarien profila. Ondorioztatu dute parte hartzaileen % 61 emakumezkoa dela, % 30,3 bertakoa eta % 66,2 lurraldeko gainerako tokietakoa, baita bisitarien % 62,6 direla 41-64 urte bitartekoak.
“Parte hartzaileen erdia baino gehiago –% 64– ohiko publikoa da, beste edizio batzuetan parte hartu duena. Horrek adierazten du programarekiko fideltasun maila handia dela”, azaldu dute arduradunek.