Mikele Landa: "Herri bat pertsonek egiten dute, eta uneoro hasten eta hazten da"
Zinema Ean egitasmoa egingo dute zapatuan Eskolondon, 19:00etan. Bertan, Mikele Landa Eiguren eatarraren hiru film labur proiektatuko dituzte, eta zuzendariagaz berba egiteko aukera egongo da.
Eatarra izan arren, norbere uzta herrikideen, lagunen eta aurpegi ezagunen aurrean aurkezteak beregain dakarren urduritasuna sumatzen zaio Mikele Landa Eigureni. Zinema zuzendariak HEA elkarteak eta Eako Udalak antolaturiko Zinema Ean ekitaldian aurkeztuko ditu orain arte egindako hiru film laburrak: Azalen izara, Heldu eta Noizko Basoa. Proiekzioa zapatuan izango da, 19:00etatik aurrera, Eskolondon; sarrera, ostera, doakoa izango da bertaratu gura duten guztientzat, edukiera bete arte.
Pozgarria behar da izan herrikideen aurrean zeure filmak aurkezteko aukera edukitzea, ezta?
Oso pozgarria da, egia esan. Aurten Noizko Basoa izeneko filma sortu dut eta hainbat lekutan aurkeztu dut, baina orain arte ez dut sekula neure herrian filmik plazaratu; beraz, niretzako urte garrantzitsu honetan, benetan baliotsua da eatarrekin ekitaldi xume, gertu eta eder hori partekatzea. Azken filmaz gain, gainera, Azalen izara eta Heldu ere proiektatuko dituzte. Oro har, proiekzioaz harago, herritarrekin iritzi, zalantza eta sentsazio elkartrukeak interesatzen nau gehien. Proiekzioa, osotara, ez da ordubetera heltzen; hortaz, hasieran aurkezpen azalpena egingo dugu. Ostean, lehen bi filmak, laburrenak, erreskadan proiektatuko dira; hirugarrena orduko, gustatuko litzaidake, adibidez, sinopsia irakurtzea, testuinguruan kokatze aldera. Azken film hori ikusi ondoren, herritarrek gura duten beste ariko gara solasean.
Azalen izara-k eta Heldu-k abiatuko dute proiekzioa. Herriagaz estuki loturiko ariketa zinematografikoak, ezta?
Bai. Lehenengoan Ea, Natxitu eta Bedaronako emakumeekin egin nuen lan, eta filmaren mezua egun oso presente dagoela esango nuke. Izugarri ikasi nuen emakume horiengandik, eta emakumeen gorputzaren irakurketei buruz hausnartu nuen. Bigarrena, aldiz, Ane Landa Benedikto herrikidearen zelanbaiteko erretratua da; arrauna, emakumetasuna eta nerabezarotik heldutasunera arteko jauzia ditu ardatz.
Zelan filmatzen da film labur bat 16 milimetroko kamera txiki bategaz?
Egundoko erronka izan da Noizko Basoa horrela filmatzea. Elias Kerexeta Zine Eskolako proiektua izan zen, eta formatu analogikoan lan egiten ikasteko balio izan zidan. Eskuekin lan egitea bilatu dut, fisikoki, filmaren gaia dela eta: herritarrek beren eskuekin baso bat landatzen dute. Beraz, nik ere analogikoki jardun gura nuen. Ostean, laborategian guk geuk egin dugu errebelazioa eta digitalizazioa. Analogikoan lan egitearen arazoa da errebelatu arte ezin duzula ikusi filmatu duzun materiala, eta erabili dugun kamera, gainera, kordazkoa da, hau da, ez du motorrik; beraz, plano bakoitza 30 segundukoa izan da gehienez, eta bobinak gehienez hiru minutukoak izan dira. Intuizioa, hortaz, gako izan da irudien tratamenduan eta irudiak ekintzekin lotzerakoan.
Xanti Xalvadorregaz lan egiteko aukera eduki duzu, ezta?
Ohorea, plazera eta gozamena izan da beragaz behar egitea. Post-produkzioaren inguruan izugarri ikasi dut Xantigaz lanean igarotako ordu luzeetan. Hain zuzen, azken filmean soinuak esangura berezia du. Filmaketa formatua analogikoa izan arren, soinua digitalki grabatu dugu, inongo muga barik. Arriskatu ere egin dugu, mikrofono bereziekin; hidrofonoa erabili dugu, esaterako, lurpean sartzeko. Zinemagile legez neure ahotsa bilatu guran banabil, esperimentatzea beharrezkoa dudala deritzot.
Non hasten da herri bat, dio filmaren aurkezpenak. Non hasten da?
Leku askotan hasten da, baina pertsonek egiten dute, eta uneoro hasten eta hazten da.
Zein egoeratan ikusten duzu euskal zinemagintza?
Ez da ogibide erraza erradiografia orokorra egitea, baina osasuntsu dagoela erakusten duten zantzuak daude. Horietako asko irailean, Zinemaldian, ezagutu nituen, bertan aurkeztu bainuen filma. Lantzen diren generoen arteko aniztasuna azpimarratuko nuke, baina, euskarari dagokionez eta emakumezko zinema zuzendari bezala, oraindik badaude plazak konkistatzeke.
Atzo ZINEBI zikloan proiektatu zen filma, Bertoko begiradak sailean. Zelan joan zen estreinaldi hori?
Oso ondo, baina urduri ibili nintzen. Izan ere, aretoa jendez lepo bete zen. Proiekzioak iraun zuen bitartean, urduri egon nintzen, begi pila bat ikusten bainuen nik egindakoari adi-adi; ostean, baina, hainbat ikusle zoriontzera hurreratu zitzaizkidan, eta bikain amaitu zen dena.
Baduzu proiekturik esku artean?
Bai, neure hurrengo egitasmoaren lehendabiziko zirriborroa egiten nabil. Fikziozko film luzea izango da, eta oraindik ikerketa eta idazketa fasean sartuta nago. Orain arteko proiektuak baino luzeagoa eta prozesu gogorragoduna izango da, baina gogotsu ari naiz lanean.