Bermeoko Gazte Eguneko egitaraua bertan behera utzi dute
Gazte Eguna ospatuko ez badute ere, Ostikada Gazte Asanbladak eta Ernaik gaueko kontzertuak mantentzea erabaki dute.
Bermeoko Ernaik eta Ostikada Gazte Asanbladak “pena eta amorru handiz” zapaturako antolatuta zeukaten Gazte Eguneko egun osoko egitaraua bertan behera uztea erabaki dute. Hala ere, gaueko kontzertuak mantentzea erabaki dute; horiek Beleza Malandra Ateneo Kulturalean egingo dituzte.
Bi erakundeek antolatutako ekintzak Bermeoko gazteek osatzen duten elkarte desberdinen lana direla azpimarratu dute, “ez direla negozio bat”, eta euren helburua dela “herriko giroari bizia” ematea. Kaleratu duten oharrean diotenez, pandemiaren bi urteen ondoren, euren esku zegoen guztia egin dute Bermeoko gazteria berriro ere “egun berezi batean elkartzeko” eta gazte asanblada “berpizteko“, baina, herriko gazteen partetik ez dute jaso gura duten erantzuna: “Bermeoko gazteen partetik ez da egon inongo babesik“. Harrituta daudela adierazi dute, eta aurreragorako antolatzeko asmotan zeuden ekintzak–sozialak zein kulturalak– antolatzeko “zer pentsa eragin” diela.
Izan ere, egun osoko egitaraua, poteoagaz, herri bazkariagaz, kuadrillen arteko jolasakaz eta kontzertuekaz prestatu zuten. Herri bazkarirako txartelak saltzeko hitzorduak zehaztu zituzten azaroaren 5erako eta 6rako, eta inor ez zen agertu: “Orduan erabaki genuen eguneko egitaraua bertan behera uztea, baina kontzertuak mantentzea, aisialdirako eskaintza egoteko”.
Mundakako Kolpers eta Algortako Aukera Okerra taldeek joko dute zapatuan, 20:30etik aurrera, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean. Sarrerak egunean bertan erosi beharko dira, 6 eurotan.