Berdintasun Plana osatzeko bidean, tailer parte hartzailea egingo dute Errigoitin
Errigoitiko Udala Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana osatzen ari da, herritarren iritziak eta ekarpenak bilduz, eta 'Errigoitik emakume eta gizonezkoen berdintasuna' tailerra emango dute martitzen arratsaldean, Uriako ludotekan.
Errigoitik emakume eta gizonezkoen berdintasuna tailerra emango dute martitzenean (azaroak 22), 18:00etatik 19:30era, Uriako ludotekan.
Errigoitiko Udalak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana egingo du, eta, horretarako, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzen ari dira. Plana diseinatzeko zereginean, “herritar guztientzat zabalik dagoen prozesu parte-hartzailea” izan dute oinarri, eta, esaterako, galdetegi bat zabaldu zuten.
Murgibe Berdintasun arloko aholkularitzako teknikariek gidatuko dute martitzeneko saioa. Elkarrizketak egin dituzte adin eta profil desberdinetako emakumeen artean, eta datorren astean solasaldi giroko tailer txikian elkartuko dira. “Erabaki zen horrela egitea, bestela gaitz egiten delako askorengana heltzea. Hala eta guztiz ere, kostatuko zaigu jendea batzea, batez ere, adineko emakumeengana heltzea kostatzen delako. Horiek animatzeko giro horretan egingo dugu, euren iritziak zein beharrizanak ezagutu gura ditugulako”, azaldu du Aintzane Arrien Errigoitiko alkateak.
Herritarren parte hartzearen garrantzia azpimarratu du alkateak, zenbat eta herritar gehiagoren ekarpenekin egin, plana osatuago geratuko delako: “Halako planak denon iritziagaz osatzea oso garrantzitsua da; nola ez, denen iritziak jaso behar ditugu, eta hori espero dugu. Denon iritziak plazaratzeko espazioak edukitzea, eta horiek planean jasota geratzea da gure helburua, bihar-etzirako egin beharreko ekintzetan kontutan eduki ahal izateko”.
Berdintasun Plana epe laburrean amaitu ahal izatea aurreikusita daukatela zehaztu du Errigoitiko alkateak.