Odol emaileen autobusa jasangarriagoa da orain
Gernika-Lumoko Udalak elektrizitate puntu berri bat jarri du odola emateko autobusaren gunean. Aldaketa horri esker, odola emateko autobusak kalitatezko hornidura elektrikoa dauka. Autobusaren egonaldi orduetan sortzen zen ingurumen inpaktua eta inpaktu akustikoa arintzea da energia puntua aldatzearen helburua.
Inbertsio handiko obrarik egin barik, Gernika-Lumoko Udalak energia iturria aldatu eta argi puntu berri bat jarri du odola emateko autobusaren gunean. Aldaketa horri esker, odola emateko autobusak kalitatezko hornidura elektrikoa dauka orain, eta autobusaren inpaktu ekologiko zein akustikoa jasangarriagoa da.
Elektrizitateko puntu berria jarrita, unitate mugikorrean bertan integratutako funtzio guztiak garatzeko elektrizitatea erabiltzen du orain autobusak, eta ez du motorra eta gasoila erabili behar, lehen egin modura. “Aldaketa egin aurretik entxufe normala zegoen bertan, eta horrek gutxieneko funtzioak betetzeko energia ematen zion autobusari, baina material guztiak martxan egoteko motorea piztu beharra zegoen. Orain, energia iturri berria jarri dute, indar gehiago duena, eta ez da halakorik behar”, azaldu du Amagoia Lopez de Larruzea Odolkideak elkarteko kideak.
Autobusaren egonaldi orduetan sortzen zen ingurumen inpaktua eta inpaktu akustikoa arintzea da energia puntua aldatzearen helburua. “Astelehenetan 10 orduz egoten zen autobusa martxan, eta bost orduz zapatuetan; guztira, 260 ordu urtean. Energia iturriaren aldaketa hau, beraz, kalekoentzako zein erabiltzaileentzako onuragarria dela esan dezakegu. Izan ere, ordu horietan motorra martxan egoteak kutsadura akustiko zein ingurumenekoa zekarren»”, azaldu du Lopez de Larruzeak. Adierazi du orain “isiltasuna” dela nagusi, bai kalean, bai autobusean: “Artekaleko airearen eta akustikaren baldintzak ere hobeak dira”.
Maria Uribe udaleko ingurumeneko zinegotziak dio klima aldaketaren aurkako “neurri txiki baina eraginkorra” dela honakoa: “Ez da hobekuntza handia izan, baina aldaketa klimatikoaren aurkako neurri txikiak ere eraginkorrak bezain garrantzitsuak dira. Aldaketa txiki asko eta asko egin behar dira klima aldaketa gelditzeko. Bakoitzak, gure neurrian, pausoak eman behar ditugu”.
Gogoratu du energia puntuaren aldaketa hori bat datorrela udalaren 2020ko Energiaren eta Klima Aldaketaren Diagnostikoan ezarritako helburuekin eta 2050erako Klima Aldaketaren Estrategien helburu orokorragoekin. “Udalak daukan plangintzarekin bat datorren proposamena da hau, eta eskertzekoa da Odolkideek ingurumenarekiko sentsibilizazioa izatea”.
Izan ere, Odolkideak taldea izan zen aldaketa proposatu zuena. “Iazko apirilean jaso genuen energia puntua aldatzeko Odolkideen eskaera, autobusak energia elektrikoa eduki zedin”, azaldu du Uribek. Jakinarazi dute Dosanbiz Odol Emaileen Elkarteak eta tokiko elkarteek, Odolkideek esaterako, energia iturria ordezkatzeko ekintzak bultzatu dituztela Bizkaiko hainbat udalerritan, “klima aldaketa arintzeko eta klima aldaketara egokitzeko dituzten estrategiekin bat etorriz”.
Odola ematea, “erosoagoa”.
Aldaketa eginda, odola ematea lehen baino “erosoagoa” dela dio Odolkideak elkarteko kideak, eta herritarrak animatu ditu odola ematera.
Ana Hormaetxe gizarte zerbitzuetako zinegotziak bat egin du Lopez de Larruzeak esandakoagaz, eta Odolkideek azken urteetan egindako ahalegina eta lana eskertu ditu: “Gustatuko litzaiguke herritarrak odola ematera joatea, eta zentzu horretan Odolkideak elkarteak orain arte egin duen ahalegina sekulakoa izan da. Lortu dute odol emaileak handitzea, eta hori txalogarria da”.