Errigorak 13.000 saski banatuko ditu herriz herri, barikuan hasita
Udazkeneko kanpainak "erantzun bikaina" eduki duela diote. Euskalgintzara 200.000 euro bideratuko dituztela zehaztu dute.
“Ablitasetik eta Tuteratik kanpainarekin bat egiteko deia egin genuen urrian, eta beste behin ere erantzuna bikaina izan da”, esan du Ibai Sueskun Errigorako kideak gaur [azaroak 14] Iruñean egin duten agerraldian. Gaineratu du Errigorak euskarari, elikadura burujabetzari eta auzolanari bultza egiten jarraitzen duela, “txikitik handira, modu praktikoan”.
Aurtengo udazkeneko kanpainako emaitzak iazkoak baino zer edo zer apalagoak izan badira ere, erantzuna positiboki baloratu dute; iaz 15.500 saski banatu eta Nafarroa Hegoaldeko euskalgintzara 235.000 euro bideratu zituzten.
Emaitzen berri emateaz batera, aurten Errigorarekin bat egin duten 24 ekoizleren eta boluntarioen lana nabarmendu dute. “Boluntarioek mezulari, eskaera biltzaile lanak eta saskiak prestatu dituzte, eta AEK, Sortzen eta Ikastolen Elkartea ere antolaketaren parte izan dira. Horiez gain, hainbat eragile eta erakundek ere kanpainarekin bat egin dute, eta hor sartzen dira milaka kontsumitzailek egin dituzten eskaerak ere”.
Diru ekarpenaren zehaztapena. Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari egingo dioten ekarpen ekonomikoa zertara bideratuko den ere zehaztu dute: Lodosa, Tutera eta Bianako ikastoletara, Ager osoko AEKren euskaltegietan bekak banatzera, eskoletan D ereduko lerroak bultzatzera eta Agerraldia egitasmoaren baitan urte guztirako agenda zabala osatzera. Orain artekoak kanpainak kontuan edukita, Errigorak 1,8 milioi euro bideratu ditu Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara.