Busturiko Udalak euriteengatik kaltetuta zeuden bi bide konpondu ditu
Altamira-Tribizkoerrota eta Axpe-Urkiobe arteko bideak konpondu dituzte, hain zuzen ere, "bide segurtasuna zaintzeko".
Busturiko Udalak Altamira eta Tribizkoerrota eta Axpe eta Urkiobe arteko bideak konpontzeko lanak egin ditu. Azaldu dutenez, bideak kaltetuta zeuden euriteengatik.
Altamira-Tribizkoerrota bideak Altamira auzoa eta Tribiz lotzen ditu, eta Bermeogaz muga egiten du. Jakitera eman dutenez, bide horrek, nekazaritza eta basogintzako eremu zabal bati ematen dio zerbitzua. Auzoa Bermeogaz eta Axpegaz ere lotzen du bideak, Urkiobe baserritik Axpe auzoraino jaisten den pista batetik, hori da, hain zuzen ere, Axpe-Urkiobe bidea. “Euri jasa bortitzen ondorioz lur lerradurak izan ziren bide hauetan, eta eragin handia izan zuten bideetan eta segurtasunean”, azaldu dute udaletik.
Axpe-Urkiobe bidea eusten zuen lubeta lerratu egin zela azaldu dute, eta “arriskutsu” zegoen ibilgailuentzat. Hala, orain, errei inklinatuzko pantaila bat eraiki dute, lurra eusteko. Gainera, bide zorua berriztatu dute eta segurtasunerako hesia jarri dute, egurrez eta metalez egindakoa.
Altamira-Tribizkoerrota bidea basoeremu zabal baterako eta baserri sakabanatuetarako sarbide nagusia da. Euriteek bidea eusten zuen lurrean eragin zuten, eta ondorioz, lubeta irristatzea eragin zuen. Horregatik, euste-horma bat eraiki dute, kareharrizko blokeak erabilita, harri-lubeta modura. Hormigoizko bide-zorua ere konpondu dute, eta segurtasuna hobetu aldera, bide honetan ere egurrez eta metalez egindako hesia jarri dute.
Busturiak “baso-masa zabala eta sakabanatutako baserri asko” dituela badakitela dio Busturiko alkate Aitor Aretxagak. Baso eta landa bide sare zabalaren bitartez, lotuta daude bertako auzoak. “Udaletik adi egoten gara eta gerta daitezkeen arazoak konpontzen saiatzen gara. Helburua da bide segurtasuna zaintzea eta lotura horiek ahalik eta egoera onenean mantentzea”, azaldu du alkateak.
Lan horiek egiteko aurrekontua 92.617,24 eurokoa izan da. Horretarako, Busturiko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren 83.355,52 euroko diru laguntza jaso du.