Hurbileko merkataritza eta ostalaritza sarituko dituzte Nik Gernikan Sarietan
Iñaki Gorostiza Arraindegia, La Elorriana, Ferreteria Irazabal eta Zeppelin taberna sarituko dituzte aurtengo Nik Gernikan Sariek. Azaroaren 24ean egingo dute sari banaketa Lizeo Antzokian, 20:00etan.
Merkataritza sena saritzen da Gernika-Lumon. Udalak merkataritza sektorearen jardunbide egokiak saritzen ditu, eta hori egingo du, aurten ere, Nik Gernikan Sarien hirugarren edizioan. La Elorriana dendak ibilbide komertzialaren saria jasoko du, eta auzoko merkataritzari dagokiona, berriz, Iñaki Gorostiza Arraindegiak. Ferreteria Irazabal sarituko dute denda berritzaileen kategorian, eta Zeppelin tabernari emango diote ostalaritzako saria.
Sariekin udalerriko merkataritza eta ostalaritza sareko profesionalek egiten duten “lan bikaina” aitortu gura dutela adierazi du Iñigo Magunagoikoetxea Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Turismo zinegotziak, baita ematen dituzten produktuen kalitatea eta bezeroekiko duten “tratu ona” nabarmendu ere. “Asmo nagusia praktika onak azpimarratzea, goraipatzea eta saritzea da. Herriko merkatari zein ostalariek egiten duten lanari duen garrantzia ematea eta herriko merkatariak ezagutaraztea bilatzen dugu. Gainera, erreferente diren horiek saritzea da gure asmoa”, dio.
Aurten 52 establezimenduk parte hartu dute, eta “kalitatea maila oso altua” dela dio. “Gero eta gehiago dira lehiaketara aurkezten diren enpresak, oso maila ona dago udalerriko merkaratitzan”, azaldu du.
Zinegotziaren berbetan, ibilbide komenrtzialaren sariak “herriko betiko dendak” saritzen ditu: “Gernika-Lumoko historian erreferente diren establezimendu enblematikoen eta familia sagen ibilbidea aitortzen du, merkatuaren egoera aldakorretara egokitzearen eta hazteko eta hedatzeko gaitasunaren adibide modura”. La Elorrianak bere “ibilbide komertzialean izandako aldaketetara egokitzeko gaitasuna” baloratu ditu zinegotziak: “Erreferentea da hiribilduaren merketaritzaren historian, eta modu paregabean uztartzen ditu modernoa eta tradizionala, klasikoa eta egungoa, eta herriari bere zapore berezia ematen dio”.
Auzoko merkataritzaren sariak merkataritza erdigunetik kanpo dauden saltokiak saritzen ditu. “Auzoari bizia ematen dien establezimenduak dira”, azaldu du Magunagoikoetxeak. Iñaki Gorostiza Arraindegiak auzoari ekarpen “handia” egiten diola azaldu du zinegotziak, eta historia egin duen denda dela adierazi du: “Bigarren belaunaldi batek hartu du negozioaren ardura. Sortzaileak etxean hegaluzea botilaratzeko ohitura sartu zuen Gernikan, eta, horregaz batera, herriko gastronomia aldatu zuen ordura arte ohikoak ez ziren platerak eskainiz. Gaur egun, erreferentzia izaten jarraitzen du dendak, auzoko jaietan parte hartuz”.
Etxeko produktuak saltzetik burdindegia izatera salto egin du Ferreteria Irazabalek, eta berrikuntza hori sarituko du Nik Gernikan Sariak. “Denda berritzeaz gain, azken urteetan bezero pribatu eta profesionalak bi dendetan banatu dituzte”, adierazi du Magunagoikoetxeak. Burdindengi tradizional bat izatetik merkataritza moderno batera egokitzeko egindako “lan handia” ere saritu gura izan dute, “betiko produktuak onenekin uztartzen dituztelako”.
Ostalaritza sarian, Gernika-Lumoko osatalritzako profesionalak nabarmentzen dira, sektoreari egiten dioten ekaroenagatik, eta udalerriko garapen ekonomikoan laguntzeagatik. Adituek Zeppelin tabernaren nortasuna nabarmendu dute: “Bere jatorriari leial izaten jakin du Zeppelin tabernak, eta betiko lokal bera izaten jarraitzen du, urteen joanagaz mantentzen duen estilo pertsonalari esker”. 1988ko apirilaren 26an zabaldu zuten taberna, eta epaimahaiak dio 34 urte hauetan taberna “paregabe eta azpimarragarri” bihurtu dutela bertako profesionalen praktika onek.