Garaipenagaz amaitu du Imanol Goñi natxituarrak Euskal Kopa
Imanol Goñik Urduñako Mendi Lasterketa irabazi du, eta bigarren postuan amaitu du Euskal Kopako azken sailkapenean. Asier Larruzeak lortu du azken garaipena. Abenduan eta urtarrilean, hurrenez hurren, Elantxobeko III. Kaltzadan Gora lasterketa eta Gernika-Lumoko Etxera Trail lehiatuko ditu.
Imanol Goñi natxituarrak garaipena lortu zuen domekan, Urduñako Mendi Lasterketan. Euskal Koparako baliagarria izan zen proba hori, eta garaipenak, gainera, txapelketako azken sailkapenean bigarren postuan amaitzea ahalbidetu zion, Asier Larruzea gueñestarraren atzetik.
Natxitukoak 33 kilometro eta 1.750 metroko desnibeldun ibilbideari egin zion aurre. Ibilbidearen gogortasuna zati bitan pilatu zitzaion: birritan igo ziren 1.000 metro inguruko goi-ordokira, Gorobel mendilerro inguruan; igoera bi horiek 1.000 metroko desnibela eduki zuten. Goñi “hasieratik min egiteko asmoz” abiatu zen, eta Javier Goitia gernika-lumotarra eta haren taldekide Kepa Vallejo urduñarra bidelagun eduki zituen lehen zatian; kilometroen poderioz, baina, atzean utzi zituen.
Goñiren estrategia, azaldu duenez, “Larruzea estutasunean ipintzea” izan zen: “Kopa irabazteko, Larruzeak lasterketa deseroso lehiatzea behar nuen; korrika egiteko tokiak hobeto egokitzen zitzaizkidan niri, baina gune harritsu eta teknikoetan bera gehiago zen. Azken jaitsierara bere aurretik heltzea bilatu nuen, azken zazpi kilometro leunak ahal bezain lasterren egiteko”. Esan eta egin: Goñik lasterketa buruan harrapatu zuen azken zatia, baina Enkarterrikoak azken txanpan harrapatu egin zuen, eta elkarregaz helmugaratu ziren. Lehen lau sailkatuak, hain zuzen, minutu bakarraren barruan iritsi ziren.
Urduñan garaipena eskuratu arren, azken sailkapena eskuratzeko, Goñik bere eta Larruzearen artean beste korrikalari bi sailkatzea behar zuen, Larruzeak kopan zehar eskuratutako puntuekin nahikoa baitzuen bigarren heltzea, lehiaketako sailkapen orokorra irabazteko. Helmuga postu horretan harrapatu zuenez, Goñik bigarren amaitu zuen azkenean.
Erregulartasunaren saria. Natxituarra “oso pozik” agertu da bai garaipenagaz, bai azken sailkapeneko postuagaz. Euskal Kopa osatu duten sei probetako lau denbora onenek balio dute azken sailkapenerako, eta lehiatu dituenetan “erregular eta sasoiko” sentitu da Goñi: “Orain arte lehiatutakoek eta Urduñan, asko sufritu ostean, lorturiko garaipenak erakusten dute maila handian aritu naizela”.
Urte amaieran eta hurrengoaren hasieran, etxetik hurrago lehiatuko du Goñik: “Abendu hasieran Elantxobeko III. Kaltzadan Gora lasterketan ariko naiz, eta urtarrilean, ostera, Gernika-Lumoko Etxera Trail proban”.