Euskadi Lagunkoia ekimenaren 10. urteurrena ospatzeko kubo ibiltaria jarri dute Bermeon
Bermeoko Udalak 2016. urtean onartu zuen Euskadi Lagunkoia sarera atxikitzea. Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, 70 udalerrik parte hartzen dute Lagunkoi Sarean.
Euskadi Lagunkoia ekimenak 10 urte bete ditu. Urteurrena ospatu aldera, hainbat udalerritan jarriko den informazio euskarria jarri dute Bermeon ere. Hala, kubo ibiltari bat jarri dute Lameran, eta azaroaren 28ra arte bertan egongo da ikusgai.
Euskadi Lagunkoia Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatu eta Matia Fundazioak abiarazitako ekimena dela gogora ekarri dute Bermeoko Udaletik, eta bere helburua da adinekoek eta, oro har, herritarrek Bizkai, Araba eta Gipuzkoako udalerriak hobetzen parte har dezatela bultzatzea, zahartu ahala nork bere bizimodua izaten jarraitu ahal izateko. Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, 70 udalerrik parte hartzen dute Lagunkoi Sarean.
Bermeoko Udalak aipatu ekimena martxan jartzeko konpromisoa hartu zuen 2016. urtean, eta Euskadi Lagunkoia sarera atxikitzea onartu zuen. Jakitera eman dutenez, azken datuen arabera, Bermeon 17.029 lagun bizi dira; 8.642 emakumezkoak eta 8.387 gizonezkoak. Zahartze indizea (65 urtetik gorako biztanleak) %23,6koa dela zehaztu dute. “Beraz esan daiteke Bermeo ere zahartze prozesuan murgilduta dagoela. Zenbat eta zaharrago izan gaitasun funtzionala murriztu daiteke”, azaldu dute. Horregatik, ekimen honegaz, adineko pertsonen bizi kalitatea hobetu gura da eta, ondorioz, baita herritar guztiena ere.
Adineko pertsonekin lagunkoia den herriak bere politika, zerbitzu, ingurune eta egiturak hobetu behar ditu pertsonen zahartze aktiboa errazteko. Herriko egiturak eta zerbitzuak egokitu behar dira, irisgarriagoak izateko eta beharrizan eta gaitasun ezberdinak dituzten adineko pertsonak kontutan hartzeko. Adineko pertsonak protagonista izanik, herritarren eta batez ere adineko pertsonen parte hartzea ezinbestekoa da proiektu honetan. Hala, interesa daukatenek, Gizarte Ongizaterako Udal Sailera jo dezakete.