2023ko aurrekontuetan pentsiodunen eskariak kontutan hartzeko eskatuko dute zapatuan, Bilbon
Busturialdeko Pentsiodunak Gernika-Lumoko Foruen plazan elkartu dira, eta zapatuan Bilboko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute; 17:30ean aterako dira Eliptika plazatik.
Astelehenero modura, Busturialdeko Pentsiodunak Gernika-Lumoko Foruen plazan elkartu dira, eta azaroaren 19an Bilboko manifestazioan parte hartzeko deialdia egin dute, datorren urteko aurrekontuetan pentsiodunen eskariak kontutan hartzeko eskatuko baitute mobilizazio horretan; 17:30ean aterako dira Eliptika plazatik. Izan ere, 2023ko aurrekontuen negoziazio aldi batean murgilduta daude, Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeako gobernuak, eta, horietan, gizarte gastuetarako diru sailak adosten ari dira. Ondorioz, horietan jasotzen diren neurriak eta akordioak gizartearen gehiengoarentzat “oso garrantzitsuak” direla diote pentsiodunek.
Espainiako Estatuko aurrekontu orokorretan, pentsioen, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) eta gastu sozialeko beste partida batzuen zenbatekoa jasotzen da, dagoeneko onartu diren pentsioen, lan arloko erreformen eta abarren edo aurreikusita dituzten plan berrien araberakoak eta horien mendekoak. “Horregatik, Euskal Herriko pentsiodunen Mugimenduak, Espainiako Estatuko gainerako autonomia eta herrietako pentsiodunen plataforma eta mugimenduekin koordinatuta, azaroaren 19an mobilizazioak bultzatzea erabaki genuen, oinarrizko aldarrikapen bateratuak eginez, baina autonomia edo nazio bakoitzean modu autonomo eta burujabean, eta sindikatuekin, emakumeen kolektiboekin, gazteekin eta era guztietako herri elkarteekin ahalik eta aliantza zabalena lortzeko borondatearekin eta interesekin bat eginez”.
Hiriburuetan eta herrietan harreman eta topaketa bateratuak egiten ari dira pentsiodunak, “jokoan dauden beharren eta eskaeren garrantzia azaltzeko” eta sektore herrikoi guztiak zapatuko mobilizazioetara joaten animatzeko. Dagoeneko Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren babesa eta sostengua dute, baita euskal sindikatu gehienena eta gizarte eta herri talde ugarirena ere. “Irekiak, bateratuak eta pluralak izango dira mobilizazioak”, adierazi dute Busturialdeko pentsiodunek.
Azken urteetan, mobilizazio eta elkarrizketa ugari egin dituzte pentsidunek Eusko Jaurlaritzari euren eskaerak helarazteko: 1.080 eurora arteko gutxieneko pentsioen osagarria eskatu dute behin baino gehiagotan, 14 ordainsaritan eta eskubide indibidual gisa, familia unitatearen edo bestelako baldintza batzuen mende ez dagoena. “Ez gaude prest eskatzen duguna murriztu, mugatu edo errespetatu nahi ez duten proposamenekin zorabiatzeko edo nahasteko. Uste dugu guztiz egingarria dela eskari horri erantuztea eta onartzea”, gehitu dute.
Emakume pentsiodunen II. Batzarra.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko batzordeak emakume pentsiodunen bigarren batzarra antolatuko du barikurako: Emakume pentsiodunen II. Batzarra. Zehaztu dutenez, dagoeneko hamarnaka emakumek eman dute izena batzar horretan parte hartzeko: “Horrek pentsarazten du arrakastatsua eta positiboa izango dela partaidetza”. Batzarra 10:30ean hasiko da Gasteizko Florida pasealekuko kultur etxean.