Zain Dezagun Urdaibaik alegazioak aurkeztu dizkio Gernika-Lumo eta Murueta arteko bide berdearen proiektuari
Zain Dezagun Urdaibai Elkartekoek salatu dute "beharrezko izapideak jarraitu barik" hartu direla erabakiak, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote "proiektuari ezetza emateko".
Zain Dezagun Urdaibaik alegazioak aurkeztu dizkio Gernika eta Murueta lotuko dituen bide «turistikoaren» proiektuari. Diotenez, ez dator bat Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planagaz (EKZP). Plan hori ere «osotasunean ez dela betetzen» diote.
Alegazioak aurkeztu ahal izateko, txosten teknikoa helarazi diete, eta bertako informazioaren arabera, proiektuaren promotorea Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzua da, hain zuzen ere, «proiektuak ingurumenean izan lezakeen eragina aztertu, eta ingurumenari kalteak eragitea ekidin behar duen erakundea». Horrek ez daukala «berezko nortasun juridikorik eta jarduteko gaitasunik» salatu dute: «Urdaibairen kudeaketaren ardura beste erakunde batzuek daukatela zehazten da erreserbaren Babes eta Antolamendu Legean. Jaurlaritzako ingurumen-organoa da beharrezkoak diren txostenak egin behar dituena; kasu honetan, saihestu egin dira».
Eskumenik «ez duen» organo batek egindako «baliogabeko» proiektua dela deritzote. Zehaztu dutenez, «ez da izapidetu eta argitaratu» Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Adierazi dute Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak proposatutako irtenbideaz gain, «ez dituztela aztertu eta kontuan hartu alternatiba positiboagoak, legalagoak eta kalterik eragingo ez luketenak».
Elkartekoen iritziz, Urdaibaiko Patronatuaren eginkizunekin bat ez datorren proiektua da: «Area degradatuak berreskuratzeko dinamikak errazteko lan egin beharko luke, ahal den neurrian, dibertsitatea, egitura eta ekosistemaren funtzioak lehengoratzeko, eta proiektu honetan guztiz kontrakoa jasotzen da. Urdaibaiko babes anitzeko gunean jendearen joan-etorria areagotu gura dute. Aurreikuspenen arabera, urtean 140.000 pertsona igaroko litezke, eta baimenduta ez dauden erabilerak onartu».
Turismo jendetsuak «ageriko kalteak» eragin dituela diote, eta proiektua gauzatuz gero, kalteak «konponezinak eta iraunkorrak» izango liratekeela; Urdaibaiko hegazti-faunari eragingo lieke, eta Gaztelugatxeko biotopoan eragindako kalteak baino «larriagoak» izango lirateke.
Zain Dezagun Urdaibai: “Bidea egitea ez da beharrezkoa, badaude helburu bera betetzen duten hurbileko alternatibak”
Proposamenak 2.107.519,80 euroko inbertsioa aurreikusten duela gogoratu dute: «Ingeniritza tradizionaleko obra da, erreserbaren erdigunean, Oka ibaiaren alboan. Bidea egitea ez da beharrezkoa, badaude helburu bera betetzen duten hurbileko alternatibak».
Beraz, azpimarratu dute «beharrezko izapideak jarraitu barik» eta herritarren parte hartze «aktiborik gabe» hartu direla erabakiak. «Aldebakarreko erabaki hartze hori ez dator bat Aarhuseko Hitzarmenak zehazten duenagaz. Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak proposatzen duena makro-proiektu horren ertzetako bat nabarmentzea besterik ez da, Gernika-Lumo eta Murueta barnebiltzen dituen museoa eta bere mesedetan ariko den ostalaritza proiektu turistiko-pribatu baten barrenean biltzea». Azaldu dute proiektuak ez dituela aintzat hartzen eskualdeko ondare kulturala eta naturala, eta horren kontrakoa lortuko dutela: «Biosfera erreserbarako erregimen juridiko berezia sortzea eskatzen dugu. Legediaren helburu izan beharko luke erreserbako ekosistemak babestea eta bere berreskurapena bultzatzea».
Elkartekoen arabera, herritarren parte hartze «aktiborik gabe» hartu dira erabakiak
5/1989 Legearen 3. artikuluak zehazten duenaren arabera, babes berezia behar duten lau eremu daude: ibaiadarra, kostaldea, kantauriar artadia eta interes arkeologikoa duten tokiak. «Oinezko eta txirrindularientzako bide berdea deritzonak ez du inolaz ere bat egiten eremu horien babesteagaz; kulturalki elitista den turismo zein ostalaritza ereduaren alde egiten du».
Teknikariek eta araudiek adierazitakoari kasu egitea eskatu dute: «Batetik, biosfera erreserbetan bide berde berrien eraikuntza saihestea; bestetik, Babes Berezidun Eremuetatik igarotzen diren bide berdeok egiteko, beste alternatibarik egon ezean, existitzen diren azpiegiturak erabiltzea, Gernika eta Murueta arteko bidegorria edo Forua eta Murueta arteko bidezidorrak, esaterako. Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzua ez da gai paisaiaren babeserako ezarritako legedia betetzeko». Horren erakusletzat jo dute, adibidez, estuarioaren bihotzean 1.273 m-ko zubia eraikitzeko proiektua.
Gogorarazi dute Kostaldeei eta Itsasertzaren Babesari buruzko legeak dioela beste kokapenik eduki ezin duten obra, instalazio eta jarduerak soilik baimendu litezkeela, eta proiektu horrek «ez duela baldintza hori betetzen»: «Oinezkoen bidea itsas-lehorreko jabari publikotik eta nukleo-eremutik kanpo jarri daiteke. Proiektuagaz, de facto eta atzeko atetik, Unescoren MAB Programak babestutako naturgunea, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba, likidatuko litzateke».
Eskaerak
Lau eskaera aurkeztu dituzte alegazioekin. Lehenengoz, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote proiektuari ezetza ematea, «bideraezina» delako, Busturialdean indarrean dagoen ingurumen araudia kontuan hartuta: «Ingurumen-ondorio atzeraezin, negatibo, iraunkor eta esanguratsuak izango lituzke». Bigarrenez, baliabide naturalak antolatzeko plana idaztea eskatu dute, «Euskal Autonomia Erkidegoak padura, itsasertz, artadi eta ur-sarearen eremua eta horien babes-perimetroa Natura 2000 Sarea barruan sartzerakoan hartu zuen kontserbazio-konpromisoa beregain hartzeko».
Hirugarrenez, Europako Batasuneko arduradunek auditoria egin dezatela eskatu dute, Natura 2000 Sarean izandako eta programatutako kalteengatik. Azkenik, elkarteak aurkeztutako alegazioak eta ondorioak Ingurumeneko Fiskalari helaraztea eskatu dute, «administrazio prozedura honen izapideetan inplikatutako administrazio publiko batzuen jarduera delitutzat hartu daitekeen aztertu dezan».