Harrera ona jaso du Eako energia kooperatibaren proiektuak
Ean, Natxituan eta Bedaronan aurkeztu diete herritarrei Energie: Eako komunitate energetikoa sortzeko proiektua. Energia kooperatiba sortzeko egitasmoaren hurrengo urratsa bazkideak lortzea izango da, beharrezko aurrekontua eskuratu eta barne antolakuntzari ekiteko.
Eako energia berriztagarrien komunitatea sortzeko proiektua martxan da. Energie izena edukiko du, eta egitasmoaren nondik norakoak herritarrei helarazteko prozesuan bete-betean sartuta daude; hain zuzen ere, joan den asteko eguaztenean, barikuan eta zapatuan proiektua aurkeztu zuten Natxituan, Bedaronan eta Ean. Datorren astean ere, aurkezpen eta bezeroentzako kide berriak egiteko guneak ipiniko dituzte hiru eremuotan, helburu bikoitzagaz, talde motorretik aurreratu dutenaren arabera: “Batetik, proiektua oraindik ezagutzen ez dutenei azaldu egingo diegu; bestetik, jadanik ezagutzen dutenek aukera edukiko dute bazkideen zerrendan sartzeko“.
Kooperatibako bazkide izateko, herritarrek kuota bat ordaindu beharko dutela adierazi dute talde bultzatzailetik: 50 euro norbanakoek eta 100 euro, aldiz, izaera juridikoduna daukatenek, besteak beste, enpresek, tabernek, ostalek, hotelek edo parekoek. Era berean, bazkide laguntzaileak ere hartuko ditu proiektuak: “Proiektuan sinesten dutelako edota etorkizunera begira, 50 euro baino kopuru handiagoa ordaindu dezakenak”. Joan den asteko aurkezpenek, “harrera oso ona” eduki zutela zehaztu dute. “Hainbatek bazkide izateko borondatea agertu zuten; beste askok, baina, momentuan ez zeramaten dirurik edo informazio gehigarria gura zuten, eta haiek datorren astean izango dute bazkide kuota ordaintzeko aukera”. Hurrengo zapatuan, hilaren 19an, Ean egongo da izena emateko aukera; Natxituan eta Bedaronan noiz egongo den, berriz, zehaztu barik dago oraindik.
3.000 euroko kopurua. Energie kooperatiba abian ipintzeko, 3.000 euro lortu beharko dituzte. Oraindik bazkide zerrenda ez dago zarratuta, baina “bide onetik” doazela adierazi dute: “Herritarrek ekimenarekiko interesa erakutsi dute; hori zantzu oso positiboa da”. Behin kopuru hori lortuta, kooperatiba sortzeko prozesuari ekingo diote: “Erregistrora joko dugu, kooperatiba ofizialki izendatzeko“. Estatutu batzuk ere zehaztu dituzte, “edozein komunitate energetikorentzat erabilgarriak baina oinarrizkoak direnak”, eta horiek egokituko dituzte etorkizunean; talde errektorea ere sortuko dute, kudeaketaz arduratu dadin.
Sortze prozesuan, bestalde, inguruko herrietako erreferentziak eredu legez baliatu dituzte, tokian tokiko egoerara moldatuta: “Inguruko ereduetatik edaten saiatu gara, baina geure herriko testuingurua aintzat izanda”. Gainera, Ean plaka fotovoltaikoak martxan daude jadanik, energia sortzen; Natxituan eta Bedaronan, ostera, plakak ipintzeko proiektuak “abian” daude: “Diru-laguntzak eskatuta eta onartuta daude, beraz, hurrengo hilabeteetan instalatu ahalko ditugu”.