"Albumeko hitzak XVI. mendeko euskarara transkribatu ditugu"
Bullets of Miseryk ‘Debile Principium Melior Fortuna Sequatur’ lan berria aurkeztuko du zapatuan, Iparragirre Rock Elkartean. A.D. talde markina-xemeindarrak lagunduko die.
Bullets of Misery 2008an Gernika-Lumon eta Iparragirre Rock Elkartearen inguruan sortutako musika taldea da. Thrash metala jorratzen dute, eta hiru album kaleratu dituzte beren ibilbidean zehar; azkena 2018ko Linguae Vasconum Primitiae izan zen. Taldea, egun, Rubenek (baxua), Ibonek (bateria), Mikelek eta Leak (gitarrak) eta Enekok (ahotsa) osatzen dute. Beraien bosgarren albuma aurkeztuko dute zapatuan, etxean, Iparragirre Rock Elkartean: Debile Principium Melior Fortuna Sequatur.
Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuko azken esaldia aukeratu duzue zuon lan berriaren izenburu legez. Zer dela eta?
Etxepareren esaldi horrek, zelanbait, «hasiera gogor batek etorkizun oparo bat eduki dezala» esan gura du; euskarak, ahul egon arren, etorkizun ona edukitzeko nahia duela esan nahi du, eta kontzeptu hori asko gustatzen zaigu. Gure aurreko diskoak, gainera, liburuaren izenburu berbera du, eta jarraipen egokia iruditzen zitzaigun.
Zertan oinarritzen da album berria? Kutsu kontzeptualik badu?
Bai. Esate baterako, disko honetan Etxepareren idazle garaikide baten obrara jo du: Joan Perez Lazarraga. Mendebaldeko hizkera Arabatik datorrela esan ohi da, eta bere lanera jo dugu. Hain zuzen ere, albumeko letrak Lazarragaren XVI. mendeko euskarara transkribatu ditugu. Geure ibilbide osoan abestietako hitzak euskaraz sortu eta abestu izan ditugu, eta oraingoan beste buelta bat eman diogu horri.
Zelan egin duzue hori?
Prozesuak urrats bi eduki ditu: lehenik eta behin, letrak geure moldera idatzi ditugu, orain arte egin izan dugun bezalaxe; jarraian, Ariane Ensunzak egundoko laguntza eman digu, bera izan baita transkribapen beharrez arduratu dena. Behin letrak transkribatuta, zati instrumentalera egokitu ditugu.
Bideoklipa ere oraintsu aurkeztu duzue, ezta?
Bai. Joan den asteburuan aurkeztu genuen, Bermeoko Halloween Metal Festen. Arranguren Corridorean abestiaren bideoklipa da. Zapatuan, aukeztu genuenean, jendeak begi onez hartu zuen oro har. Pertsona dezente etorri zitzaizkigun asko gustatu zitzaiela esanez; zentzu horretan, badirudi harrera ona izan zuela. Jadanik zabaldu dugu taldearen sare sozialetan. Bideoklipa Ivan Sanchezek ekoitzitakoa da, eta aseta geratu gara egin duen lanagaz; Norvegian bizi den gernika-lumotarra da Sanchez. Era berean, oso eskertuta gaude ekoizpenean lagun eduki ditugun pertsona guztiekin.
Diskoaren zapatuko aurkezpena, gainera, sortzen eta entseatzen duzuen tokian izango da: Iparragirre Rock Elkartean. Lan berria etxean plazaratzeak urduritasuna sortzen dizue?
Edozein disko aurkezpenetan izan ohi dugu urduritasuna. Dena dela, argi eta garbi dugu ospakizunerako eguna izango dela. Pandemiaren ostean, kobazulotik atera eta lehen urratsa egingo dugu zapatuan.
A.D. talde markina-xemeindarra taularatuko da zuekin batera. Ezagutzen al dituzue?
Bai. Duela hainbat urtetatik ezagutzen ditugu, lagun oso minak gara, eta beren ibilbide musikala hurretik segitu dugu. Plazer handia izango da oholtza beraiekin partekatzea.
Zein osasun du muturreko metalak Busturialdean?
Pandemiak eragin handia eduki du. Geldialdiaren ondoren, sortze edota azaleratze bidean zeuden talde askok ez dute aurrera egiterik izan. Nolanahi ere, mugimendua egon, badago; musika mota honek bizirik segitzen du.
Baina Metal Fabrika moduko babeslekuak ere baditu, ezta?
Bai. Egungo irrati gehientsuenek metalari jaramon handirik egiten ez dioten heinean, irrati libreek eta Astran egiten den Metal Fabrika moduko saioek aterpea eskaintzen diote hainbat talderi; ekarpen handia egiten dute.