Gernika Gogoratuz: bakea eta bizikidetza oinarri
35 urte bete ditu Gernika Gogoratuzek, eta urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zuten domekan, Astran. Bakeari eta gatazkei buruzko azterlanen esparruan egindako lana azpimarratu zuten.
Bakea eta elkarbizitza bermatzearen alde lan egiten duen Bakearen aldeko ikerketa zentroa da Gernika Gogoratuz, eta 35 urte bete berri ditu. Gernikako sinbologiari lotutako eta hausnarketa zientifikoek babestutako ekarpenekin “bake justua” lortzen laguntzea da zentroaren helburua, bai munduan, bai Euskal Herrian.
Memoriaren eta bakearen kulturaren esparruan lan egiten du Gernika Gogoratuzek, eta topaketa eta gogoeta guneak antolatzen ditu hori bultzatzeko; gainera, bakearen aldeko ikerketak eta ekintza berritzaileak ere indartu ditu. Bakearen aldeko hezkuntza programak sustatzeaz gain, lankidetza akademikoak gauzatu ditu unibertsitateekin edo gizarte eta erakundeekin. Nazioarteko koordinazio programetan ere parte hartzen du, Europako, Latinoamerikako eta Afrikako lan sareak indartuz.
Gernikako bonbardaketaren 50 urteurrenean sortu zen Gernika Gogoratuz, 1987ko apirilean, baina azaroaren 6an eratu zen, unibertsitateko irakasleek, mugimendu bakezaleko kideek, mugimendu feministakoek eta ekologistakoek osatuta. Urte batzuk geroago, 1994an, Gernika Gogoratuz Fundazioa sortu zen, elkarteak egiten zuen lanari babes akademiko eta instituzionala emateko.
Urte luzez egindako lan hori guztia ospatzeko 35. urteurreneko ekitaldia egin zuten domekan, eta bertan egon zen Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkate eta Gernika Gogoratuz Fundazioaren presidentea. Gorroñok Gernika Gogoratuzek udalerrian, Espainian zein nazioartean antolatu dituen ekitaldiak nabarmendu zituen, baita jaso dituzten garrantzia handiko aintzatespenak aitortu ere. “Asko dira bakearen eta memoriaren kulturari buruz egin dituzten ikerketa, lan eta ekarpen zientifiko eta akademikoak. Bakearen kultura eta pedagogiaren alde konpromisoz lan egin dutenen kalitatearen berri ematen dute argitalpen horiek. Gainera, hainbat sari ere jaso dituzte, bakea bultzatzearren eta bizikidetzaren eta adiskidetzearen esparruan espazio berriak sortzen laguntzearren”, azaldu zuen.
Gernika Gogoratuzen lana ez da bakarrik bakea eta gatazkak kontzeptualizatzea izan. Oinarri horiek eguneroko girora zabaldu dituzte, eta belaunaldi berriei etorkizunerako memoria bat eraikitzearen beharra transmititu diete. Izan ere, bakea aztertu eta landu dute, estetikaren eta artearen hainbat ikuspegitik, eta gatazkei buruz hausnartzeko modu berrien sustatzaile ere izan dira.
Juan Gutierrez elkartearen lehen zuzendaria izandakoa ere bertaratu zen Astrara. “Gernika Gogoratuz izena ez zen elkarte baten izena izan, Gernikako bonbardaketari buruz egin genuen erakusketa ibiltari batena baizik. Alemanian aurkeztea ere lortu genuen”, gogoratu zuen, eta Joseba Arregiri aitortza egin zion, berak erabaki baitzuen Gernika Gogoratuz sortzea. “Behin eta berriz esan zigun elkartea ez zuela alderdi batek zuzendu behar, bakearen aldeko mugimenduaren ordezkari batek baizik, uste baitzuen alderdi batek zuzendu izan balu elkarteak ez lukeela sinesgarritasunik izango”.
Bakearen sinbologia indartzen segitzeko gomendioak jaso zituzten elkartekoek
Tokiko gatazketan ez ezik, mundu mailakoetan bitartekari modura lan egiteko konpromisoa ere hartu zuten orduan. Hala, euskal gatazkako bitartekaritzarako tresnak jorratzen hasi ziren, baita bonbardaketaren ondorioak aztertzen eta testigantzak biltzen ere. Maria Jesus Cava izan zen elkartearen lehen historialaria, “memoria kolektiboaren” kontzeptua sortu zuena, Gernikako bonbardaketatik bizirik atera ziren 80 lagun edo senide elkarrizketatu eta gero. “Gerora, askoz gehiago jorratu dugun kontzeptua izan da”, adierazi zuen Gutierrezek.
Elkartearen mugarrietako bat, bere ustez, Gernikako bonbardaketatik bizirik atera zirenen lekukoen lehen topaketa izan zen. “Roman Herzog Alemaniako presidentea gonbidatu genuen, eta hark Hening Wegener enbaxadorea bidali zuen. Horrek presidentearen mezu bat irakurri zuen, non bere herrialdearen izenean 1937ko apirilaren 26an Condor Legioaren aire erasoaren erantzukizuna bere gain hartu zuen. Luis Iriondok erantzun egin zion, eta erantzun hori mugarri historikoa izan da bakearen garapenean eta bakearen aldeko ikerketan”.
Herrian ez ezik, Gernika Gogoratuzek munduko leku askotako gatazken tratamenduan lan egin du, bereziki Latinoamerikan, eta bakeari eta gatazkei buruzko azterlanen esparruan egindako lana azpimarratu zuten.
Hiru hamarkada baino gehiagotan Gernikako memoriaren arkitektura aberasten lagundu du Gernika Gogoratuzek, Unescok Bakearen Hiri izendatu izanak jasotzen duen modura. Eta urte guzti horien errepasoa egin zuten Jokin Alberdi Gernika Gogoratuz elkartearen presidenteak eta Maria Ojanguren Gernika Gogoratuz Bakearen Aldeko Ikerketa zentroaren zuzendariak.
35 urte lanean
Memoriaren esparruan egindako ekimenak nabarmendu zituzten, belaunaldien arteko elkarrizketa eta bakearen eta gatazken analisiaren aldeko esparruan Bizkai, Araba eta Gipuzkoan egindakoak gogoratuz; azken urteetan Kolonbian eta Mozambiken bizikidetza baketsurako espazioak bultzatzeko lana ere plazaratu zuten. “Ez da erraza zentroak 35 urte hauetan egin duen ibilbidea laburtzea. Asko da egindakoa, eta asko dira lortu ditugun ikaskuntzak”, adierazi zuen Ojangurenek.
Lehen urteetako bi adiskidetze keinu nabarmendu zituen: Petra Kellyrena eta Roman Herzogena. Bakearen alde lan bat egiteko deia egin zuen Kellyk eta bakearen aldeko institutu bat sortzearen alde agertu zen. Herzogek, berriz, hegazkin alemaniarren inplikazioa aitortu eta bonbardaketaren biktimei elkartasuna adierazi zien, eskua luzatuz adiskidetze keinu gisa. 1991 urteaz geroztik, kulturari eta bakeari buruzko nazioarteko jardunaldiak egiten dituztela nabarmendu zuten; 32 edizio egin dituzte gaur gaurkoz.
Bakearen eta memoriaren alde “konpromisoz lan” egin dutela diote
1993 eta 1998 artean, bitartekaritza lana izan zen Gernika Gogoratuzen jardun nagusia, izan ere, hainbat gatazketan esku hartu zuten. «Garrantzitsua izan zen nazioarteko taldeak prestatzea gatazkak eraldatzeko. ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko bitartekarien bila aritu ginen 89an eta 97an», azaldu zuen Alberdik. Azpimarratu zuen, baita ere, Ipar Irlandako, Alemaniako, Kroaziako eta Hegoafrikako gatazketan lan egin zutela.
Lehen urteetan, Gernika Bakearen Hiria izeneko proiektua edota Red Gernikan argitalpenak nabarmendu ziren.
Bakearen hezkuntzaren aldeko lan horrek guztiak Gernika Sarea sortzera bultzatu zituen elkarteko kideak, eta 1996tik 2003ra bitartean, hainbat ikerketa egin zituzten eta hausnarketa berriak sortu zituzten, bakearen aldeko ikerketetan aurrera egiten jarraitzeko. Hezkuntzaren esparruan, diotenez, “oso garrantzitsua” izan da ikertzaile gazteen arteko elkartrukea: 115 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute.
Hasierakoak ez ezik, azken urteetako hainbat proiektu ere izan zituzten gogoan: Gatazkan dauden lurraldeak, Gereizpetatik 11 izpi, edota Bakearen ekonomiari buruzko jardunaldiak, Kultur jardunaldiak eta Jardunaldi Antimilitaristak. AfalosteON saioen garrantzia ere gogoratu zuten.
Liburutegi digitala
Liburutegi digital bat sortuko dela iragarri zuten, gainera, lan berriak Gernika Sarea argitaletxean argitaratutako dituztela esanez, eta webgunean eskuratuko ahalko direla gehituz. Zentroan dagoeneko liburutegi espezializatu bat dago, eta 6.249 erregistro automatizatu daude; baita 5.810 monografia, 383 unitate didaktiko eta ikus-entzunezko 363 baliabide ere.
Ospakizuna Berbaola dinamika kolektiboagaz osatu zuten, eta Gernikako bakearen sinbologia indartzen jarraitzeko gomendioak jaso zituzten.