300 metalzale inguru batu ditu Halloween Metal Fest jaialdiak
Spookypheriakoek "hor egoten" jarraitu gura dute, eta "gustuko" duten modura gauzak antolatzen jarraitzea dute asmo. Datorren urteko lehenengo hitzordua 2023ko otsailaren 25ean izango da: 80's party.
Ohiko formatura bueltatuta, 300 metalzale inguru batu ditu Spookypheria Productions elkarteak antolatzen duen Halloween Metal Fest jaialdiak. Antolatzaileek azaldu dutenez, elkargunea izaten da metalzale askorentzat, urtero-urtero datorren jendea dagoela nabarmenduta. Konpetentzia, hala ere, “gero eta handiagoa” dela diote, “jaialdi asko antolatzen baitira”, eta hori bertaratzen direnen kopuruan “nabaritu” egiten dela uste dute.
Giro “oso ona” egon zela nabarmendu dute. Bermeon ekitaldiak antolatzea “mugak” dituela diote, baina, hala ere, herritik kanpoko jendea ere bertaratzen da: Bilbo, Donostia, Madril, Herrialde Katalanak… “Denak gustura egoten dira, eta horrek pilak kargatzeko balio digu”.
Kruddö, When Evil Comes, Orion Child eta Crisix taldeek eskainitako kontzertuen “kalitatea” azpimarratu dute: “Metal musikaren barruan estilo desberdinetako taldeak izan dira, hori da guk bilatzen duguna eta guri gustatzen zaiguna”.
Spookypheriakoek “hor egoten” jarraitu gura dute, eta “gustuko” duten modura gauzak antolatzen jarraitzea dute asmo, “musika taldeak ondo zainduta eta jendeari ondo pasatzen lagunduta”. Datorren urteko hitzordua ere badaukate, “ezer arrarorik” gertatzen ez baldin bada. Hala, Halloween Metal Fest jaialdiaren hamabostgarren aldia 2023ko azaroaren 4an izango litzateke, “lauzpabost talderekin eta sorpresa bat edo bestegaz”.
Spookypheria Production elkartearen datorren urteko lehenengo hitzordua, baina, 80’s party da, 2023ko otsailaren 25ean izango dena. Eta udan, zelan ez, terrorea, gorea, suspensea eta umore ona gustuko duten horientzako Gorefest film laburren jaialdiak ez du hutsik egingo.