Tokiko kontsumoa bultzatzeko 6.000 bonu
Gernika-Lumoko merkataritzako bonuak azaroaren 8tik abenduaren 3ra erabili daitezke. Aurtengo berritasuna da 60 eurotik gorako erosketeta bakarrean bi bonu gastatu ahal izango direla.
Nik Gernikan bonu kanpainan bonu mota bakarra dago, merkataritzakoa. Herritarrek 20 eurotan erosi, eta gastatzeko 30 euro izango dituzte. 6.000 bonu kaleratuko dituzte, eta bihar hasi (azaroak 8) eta abenduaren 3ra arte erabili ahalko dira.
Turismo Bulegoan jaso behar dira, eta 18 urtetik gorako herritarrek gehienez ere bi bonu erosi ditzakete; horiek hartzeko Nortasun Agiria, pasaportea edo gidabaimena erakutsi behar dira.
Aurtengo berritasuna da 60 eurotik gorako erosketa bakarrean bi bonu gastatu ahal izango direla. Halaber, gogoratu dute bonuak oparitu daitezkeela.
Ia 150 establezimenduk izena eman dute, eta Iñigo Magunagoikoetxea Gernika-Lumoko Toki Garapena, Merkataritza eta Turismo zinegotzia esan duenez “gaur ere izena eman dezakete”.
Bonu kanpaina bera kontzientziazio kanpaina ere badela zehaztu du Magunagoikoetxeak: “Herritar denak hurbileko merkataritzan erosteak daukan garrantziaz ohartarazi behar ditugu. 148 denda horietan denok erosteko moduko produktuak daude, eskaintza oso zabala da. Gernikan denetarik erosi liteke”.
Joana Garcia Gernikako Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Elkarteko batzorde burua, eta merkataritza arloko arduradunak udalari eskerrak eman dizkio “herriko komertzio txikiak kontuan hartzeagatik”. Nik Gernikan bonu kanpaina herritar guztientzat “onuragarria” dela nabarmendu du, “herriko kontsumoa handitu eta bertako ekonomia sustatzen duelako”. Udalerriko bezeroek herrian kontsumitzea gura dute: “Gernika-Lumoko komertzioetako produktu eta zerbitzuetaz gozatzera animatzen ditugu herritarrak, ezinhobeak direlako. Merkatariak beti daude laguntzeko prest, hurbiltasuna eskaintzen dugu. Herriari bizia ematen diogu, eta bezeroek bizia ematen digute guri”.
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak herriko merkatarien eta ostalarien lana goraipatu du: “Maila handiko dendak eta tabernak ditu Gernikak, herriari bizia eta aberastasuna ematen diotenak. Gainera, inguruko herrietatik ere asko etortzen dira erosketak egitera. Gure dendak eta tabernak bizirik mantendu gura ditugu”. Elkarteari egindako lana eskertu dio: “Udala eta eurak eskutik goaz, denon onerako”.
Gernika-Lumoko Toki Garapena, Merkataritza eta Turismo zinegotzia egungo egoera ekonomikoaren aurrean bonuek daukaten garrantzia azpimarratu du: “Inflazioa oso altu egotea kontsumoak pairatu du, eta azaroa merkataritzarako eskasa izaten den hilabetea da. Egin ditugun neurketetan ikusi dugu Black Friday delakoan salmenta gehienak kate handietan egindakoak edo online bidezko erosketetakoak direla. Horri aurre egiteko aproposa ikusi dugu bonu kanpaina egitea”.
Datu ekonomikoak. Udalak 60.000 euroko inbertsioa egin du: “Eta bertoko ekonomian 300.000 eta 400.000 euro bitarteko inpaktua izatea aurreikusi dugu”. Hirugarrenez kaleratu dituzte Nik Gernikan bonuak, eta Magunagoikoetxeak aurreko urteetako datuak eman ditu. 2020an, 90.000 euroko inbertsioa egin zuon bonoetan, eta “gastu errealean 540.000 euro suposatu zituen”. 2021ean udalak egindako ekarpena 60.000 eurokoa izan zen, eta “kalean eragindako gastua 350.000 eurokoa”.