Azaroko asteburuak aisialdirako eskaintza zabalagaz bete dituzte natxituarrek
Asteburu honetan talo tailerrean batuko dira, eta Txaber Larreategiren eta Josu Martinezen 'Debekatuta dago oroitzea' dokumentala eskainiko dute.
Herriari aisialdirako eskaintza bat emateko apustuari eutsiz, aurten ere, Natxituko Jai Batzordeak azaroko asteburuetarako egitaraua prestatu du. “Formatu honetan, azkenengo urteetan astebururo zeozer eskaintzen saiatu gara, agenda soziokulturala osatuta. Topalekua edukitzea, mantentzea da helburua. Giro atsegina eta jatorrra sortzen da”.
Oraingoan ere, ume, gazte zein nagusientzako proposamenak bildu dituzte, denek gozatzeko aukera eduki dezaten. Izan ere, sorreratik egitasmoaren helburua herriari bizia eman eta belaunaldien arteko harremanak sendotzea izan da, “alkarregaz egoteko eta elkarbanatzeko tartea hartzea”.
Esate baterako, bihar talo tailerra eta hilaren 12an, “publiko zabalerantzat ibilaldi erraza” egingo dituzte: “Eskolatik abituta, 5-6 km-ko ibilaldia izaten da, goiz pasa egiteko”.
Etzi, ostera, Txaber Larreategi natxituarraren eta Josu Martinez bilbotarraren Saturrarango emakumeen kartzelari buruzko Debekatuta dago oroitzea (2010) dokumentala eskainiko dute. Memoria historikoa berreskuratzeko beharrari erantzunez egin zuten dokumentala. 1938-1944 bitartean 16 eta 80 urte bitarteko 4.000 emakumetik gora eta haietako zenbaiten seme-alabak egon ziren preso, “oso baldintza gogorretan”. Handik bizirik irten ziren emakume batzuen testigantzak jasotzen ditu dokumental honek. 107 emakume eta 48 ume hil ziren bertan, kartzela kudeatzen zuten mojek emandako tratu txarren ondorioz. Gaixotasunak, gosea, torturak, zigorrak, sexu erasoak eta seme-alaben lapurretak, besteak beste, galtzaileak menderatzeko izugarrikerien erakusgarri.
Natxituketan txapelketa
Asteburu bat “bereziki umeentzat” izaten da: “Eta, bestalde, Mus Txapelketa tradiziozko txapelketa da Natxitukoa, eta aurten, sasoi honetan berreskuratu dugu”.
Azkenengo asteburuan kantatzeko eta jolasteko tarteak hartuko dituzte. Hilaren 27ko hamaiketakoaren ordua Iñigo Lopez Kana musikariak lagunduta girotuko dute: “Kantu paperak eroaten ditu, eta oso arrakastatsua izaten da”.
Arratsaldean, berriz, Natxituketan aurkeztuko dute. Hiru natxituarren artean sortutako jolasa da, “Tribial estilokoa”, eta Natxituari buruzko 450 bat galdera biltzen dituena: geografia, historia, pertsonaiak, ohiturak…
EGUTEGIA
- Bihar (azaroak 5). Talo tailer herrikoia, 13:00etan.
- Etzi (azaroak 6). Txaber Larreategiren eta Josu Martinezen Debekatuta dago oroitzea dokumentala, 19:00etan.
- Azaroak 12, zapatua. Ibilaldia Haizeder Eskolatik irtenda, 10:00etan.
- Azaroak 13, domeka. Umeentzako pelikula eta palomitak, 17:30ean.
- Azaroak 19, zapatua. Mus Txapelketa, 17:00etan.
- Azaroak 27, domeka. Kitarra jo eta Kantuz Bolatokian, 11:30ean, eta Natxituketan Txapelketa, 17:30ean.