Udal gobernuak "inoizko aurrekonturik zabalena" landu du 2023rako
26.447.336, 52 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du udal gobernuak. Aurtengoagaz alderatuta, inbertsioetarako diru saila "nabarmen igo" dela diote, %82.
Bermeoko udal gobernuak 2023ko aurrekontu proposamena aurkeztu du. “Inoizko aurrekonturik zabalena eta inbertsioak egiteko gaitasun altuena” duen aurrekontua landu dutela adierazi du EAJ udal taldeko bozeramaile Maitane Leizaolak. Hain zuzen, 26.447.336,52 euroko aurrekontua aurkeztu dute, hiru ardatz nagusi garatzeko: bermeotarren bizi kalitatea hobetzeko, herriko jarduera ekonomikoa sustatzeko eta bermeotarren nortasuna balioan jartzeko.
Azpimarratu du inbertsioak handitzea posible izango dela «proiektuen garapenerako erakundeen arteko elkarlana baliatu dutelako». 2023an inbertsioetarako diru saila 1.454.889,13 eurokoa izango dela zehaztu du Idoia Platas zinegotziak, “aurten baino %82 gehiago”.
Agintaldia hasi zutenean herritarrekin konpromiso batzuk hartu zituztela esan du Leizaolak, azkenengo urte honetan konpromiso horiei erantzuna ematen jarraitu gura dutela gaineratuz. “Erantzukizun osoz eta ardura guztiagaz, azkenengo zentimoa ere Bermeo hobetzeko erabiliko dugu”, adierazi du.
Bermeo eta bermeotarren ongizaterako proiektuak aurrera ateratzeko, diru laguntza eta lankidetza hitzarmenak egiteko konpromisoak ere 2023ko aurrekontu proposamenean jasota daudela aipatu du.
Uste dute aurkeztu duten aurrekontuak une honetako egoerari eta Bermeoren eta bermeotarren beharrizanei “erantzun egokia” ematen laguntzen duela: “Gainera, bermeotarrek prozesu parte hartzailean egindako hainbat proposamen jasotzen ditu”.
Platasek gogorarazi du datorren urtera begira ordenantza fiskalak izoztu egin dituztela: “Aurrekontua hasiko bada ere, udalaren diru sarrerak aurtengoaren antzerakoak dira, 8.848.555, 59 euro. Igoera nagusia tranferentzia arruntetan eta kapital transferentzietan dago. Udalkutxatik 12.331.930 euro jasotzea aurreikusten da, eta aurten eduki ez dugun diru sail handi bat edukiko dugu kapital transferentzian, 722.323,89 eurokoa. Beste erakunde batzuetatik jasoko dugun diru saila da, inbertsioak egiteko. Horregatik, datorren urteko aurrekontua handiagoa izango da”. Inflazio sasoian aurrekontua egitea ez dela “erraza” dio, diru sarreretan eta gastuetan, “zuhurrak eta zorrotzak” izan direla nabarmenduta.
“Adostasunen bila”. Leizaolak esan du joan den barikuan aurkeztu ziela aurrekontu proposamena gainontzeko udal taldeei, “aztertu eta emendakin eta proposamenak aurkeztu ditzaten”. Udal gobernuak “borondate osoa” agertu du besteek aurkezten dituzten proposamenak aztertzeko: “Gure gogoa eta ahalegina aurrekontuak bermeotarren beharrizanei erantzutera bideratuta egotea eta adostasun zabalenagaz aurrera ateratzea dira”. Urtea amaitu orduko 2023ko aurrekontua onartuta edukitzeko asmoa daukate.
2023RAKO AURKEZTU DITUZTEN PROIEKTU AIPAGARRIENAK
Bizi kalitatea hobetu
– San Martinen, Klarisen komentu ondoko zelaian, aire zabaleko kirol gunea eta umeentzako jolasgune berria jartzea (201.320,4 euro).
– Txibitxiaga kalea eta Itxasbegi auzoa lotzeko igogailua (643.896,97 euro).
– Kofradi Zaharra eta Santa Eufemia aurreko kalea konpondu (35.000 euro).
– Alde Zaharreko Intxausti kalearen berrurbanizazioa eta iriste erraztasuna hobetu (114.018,62 euro).
– Kale garbiketa zerbitzurako errefortzuak eta hobekuntzak (239.320,37 euro).
– Kaleak asfaltatu, gune urbanoetan hobekuntzak eta hiri altzariak berriztu (210.700 euro).
– Gizarte berdinzaleago baten aldeko politikak (93.201,91 euro).
– Adikzioen prebentziorako zerbitzu-programak (61.599 euro).
Jarduera ekonomikoa sustatu
– Langabezian daudenei formakuntza eta laneratzeko aukera emateko programa (375.000 euro).
– Herriko ekonomian zuzeneko eragina daukaten ekintzak erakarri eta laguntzea (35.175 euro).
– Ekintzailetza bultzatzeko zerbitzuak eta laguntzak (56.000 euro).
– Herriko eta eskualdeko enpreen lehiakortasuna hobetzera bideratutako programak (62.000 euro).
– Herriko ostalaritza eta merkataritza dinamizatzeko programak (50.000 euro).
– Titulatuei lehenengo lan esperientzia herrian eskaintzeko programa (132.618,01 euro).
Bermeotar nortasuna balioan jarri
– Ortube ontzia berreskuratzea (40.000 euro).
– Eingule? kanpainaren baitan, Bermeoko euskara balioan jartzeko ekintzak (15.000 euro).
– Gaztelugatxe modu jasangarrian eta herriko nortasuna balioan jartzeko autobus eta bisita gidatuak (77.000 euro).
– Bermeoko ondarea balioan jarri eta zabalkundea egiteko udako ikastaroak (5.000 euro).