Maier eta Kanpantxuko saneamendua hobetzeko lanak egiten ari dira
Ur saneamendurako obrak egiten ari dira Kanpantxun. Maierreko eta Kanpantxuko ur zikinen arazoa konpontzea da helburua, eta horretarako ponpaketa estazioa eta hari lotutako kolektoreak eraikitzen ari dira. Abendu amaierarako lanak amaituko dituzte, baina urtebete egongo da martxan jarri barik, "material elektronikoa falta delako".
Urdaibaiko ur saneamenduaren sistema orokorra hobetzeko lanak egiten ari da Uraren Euskal Agentzia. Hain zuzen ere, Maierreko eta Kanpantxuko ur zikinen arazoa konpontzeko obra gauzatzen ari da, Kanpantxuko ponpaketa estazioa eta hari lotutako kolektoreak eraikiz. Obra lanak abenduaren amaierarako edo datorren urte hasierarako amaitzea aurreikusi dute, baina ponpaketa estazioa urtebete beranduago jarriko dute martxan, «material elektronikoa falta delako»; 2023an martxan jartzea da helburua.
Ajangizko ur saneamenduaren egoera “penagarria” dela adierazi du Koldo Carbonell udalerriko alkateak, putzu septikoen bidez funtzionatzen dutelako: “Putzu septikoetako ur hori Oka ibaira isurtzen da, eta, udan, ur kiratsa nabaria da. Baserritarren ortuak ere kaltetu egiten dira”.
Egoera horrela, URAk proiektu bat garatu zuen Maier eta Kanpantxuko ur zikinen arazoa konpontzeko, baina Mendietako zein beste auzoetako ur saneamendua konpondu barik geratuko dela adierazi du alkateak.
Ur agentzia egiten ari den lanak 2.322.126,05 euroko aurrekontua dauka BEZa barne, eta bi fasetan egitea aurreikusi dute.
2021eko urtarrilean hasi ziren lehenengo fasea garatzen, eta horren helburua da Maier eta Kanpantxuko putzu septikoen saneamendua hobetzea eta batzea. “Horretarako, Maierretik ponpaketa estaziora doazen hodiak egin dituzte, baita Kanpantxuko auzoetako hodiak konpondu ere”, azaldu du alkateak.
Hain zuzen ere, Carbonellek jakinarazi du Maierreko aparkalekuan ur zikinen estazio ponpaketa bat egiten ari direla, eta horrek bi hodi handi izango dituela, 11 metroko sakoneran egongo direnak: “Erreka azpitik igaroko dira, erreka baino 4 metro azpiagotik”. Hortik, Txaportara bideratuko dituzte ur zikinak, eta han, arketa batean, Urdaibaiko kolektore orokorragaz batuko dituzte. “Kolektore orokorra Bermeoraino doa, eta han ura garbituko dute, gero itsaso zabalera botatzeko”, dio alkateak.
Gaur gaurkoz, ponpaketa estazioa zelai batean egiten ari dira, baina hori lur azpian geratuko da, gero. Hiru koadro elektriko geratuko dira bistara, 1,80 metroko altuerakoak.
Muxikako saneamendua, bigarren fasean.
Obren bigarren fasean, ponpaketa espazio horri Muxikako ur saneamendua gehitu gura diote. “Hala, gu eraikitzen ari garen hodietatik igaroko litzateke Muxikako saneamendua. Bi hodi horiek Kanpantxuko eta Maierreko ur zikinak bideratuko dituzte aurrerantzean, eta, etorkizunean, baita Muxikakoak ere”, azaldu du.
Kanpantxun egongo den ponpa estazioak lau ponpa izango ditu, baina bigarren fasean jarriko dituzte lauak, lehen fasean bi baino ez dituztelako jarriko: “Bigarren fasean, gainera, etxetxo txiki bat egitea aurreikusi dute, aireztapenerako”.
Lehenengo faseko obrak hiru hilabetetan amaituta egotea aurreikusi duten arren, ponpaketa estazioa ez dute 2023 amaierara arte martxan jarriko. Azaldu dutenez, material elektronikoa falta dute: “Laster amaituko dituzte lanak, baina material elektronikorik ez dutenez, urtebetean estazioa geldi egotea aurreikusten dute”.
Lanok eginda ere, Ajangizko ur saneamendua ez da erabat konponduko, izan ere, Mendieta eta inguruetako auzoetako urak putzu septikoetan batzen dituzte: “Ajangizko hirigune osoa eta Mendietatik Gernikara arteko alde osoa faltako litzateke konpontzeko, ze horiek putzu septikoekin jarraitzen dute. Hori etorkizunean egin beharreko proiektua da”.