Hurbil, eta aldi berean hain urrun
Lointek Gernika Bizkaiak 59-76 galdu du Eurocup Womeneko bigarren jardunaldian Umana Reyer Veneziaren aurka.
Umana Reyer Venezia Eurocup Women irabazteko hautagai nagusietako bat da, eta kondizio hori berretsi besterik ez zuen egin atzo [azaroak 2] Malosten. Lointek Gernika Bizkaiak Europan bata bestearen atzetik izango dituen hiru partidetako lehenengoa jokatu zuen: azaroaren 9an Movistar Estudiantesen aurka eta hilaren 16an Rutronik Stars Kelternen kontra. Partida hauek ezarriko dute, hein handi batean, talde gernika-lumotarraren etorkizuna txapelketan.
Bi taldeak partidaren garrantziaz jakitun kantxaratu ziren. Anna Montañanak ohiko bostekoa aldatu zuen, Brooque Williams Roso Buchen tokian sartuz. Etxeko taldeak argi zuen Shiori Yasuma erasotu nahi zuela zonaldean, temati egon zen Sandra Igerabide lan horretan. Minutuak aurrera joan ahala, Awak Kuierrek bere legea inposatzen hasi zen uztaipeetan. 193 zentimetro luzeko hegal-pibotak nahi zuena egin zuen zonaldean, errebotean min egin zuen eta gernika-lumotarrek ezin zuten barneraketa erosorik egin bera jokatzen zegoenean. Finlandiarra geratu ezinik, Julie Wojtak bi falta goiztiar egin zituen eta ezin izan zuen lehen zatian gehiago jokatu.
Lointek Gernika Bizkaiak arazo asko zituen erasoan. Italiarrak oso oldarkorrak ziren lehen lerroan eta ezinezkoa zen erosotasunez baloia mugitzea. Gainera, galdutako baloi bakoitza gogor zigortzen zuten kontraeraso errezekin. 18-32 aurreratu ziren kanpotarrak bigarren laurdenean, eta entrenatzaile valentziarrak hutsartea eskatu behar izan zuen. Etxeko taldeak ez zituen jaurtiketa erosoak aurkitzen, jabetzako azken segundoetan lortutako saskiraketei esker mantentzen ziren hurbil markagailuan. Atsedenaldian 25-34.
Aldageletatik pasa osteko lehen minutuak ez ziren onak izan. Umana Reyer Veneziak 0-5eko partziala ezarri zuen, Antonia Delaeren hiruko eta sarrera bategaz. Lointek Gernika Bizkaiako Laura Spreafico italiarrak Malosteko zaleak jesarlekuetatik altxa zituen bi hirukogaz. Zazpi puntura hurbildu ziren, 37-44. Italiarrak, berriz, ez ziren urduri jarri eta tiro libreen marratik ostera ere hamar puntura arte luzatu zuten abantaila.
Hain kalitate handiko taldeek ondo baino hobeto dakite tarteak kudeatzen. 12-14 puntuko zuloa handiegia iruditu ez arren, ez zuten inoiz partida arriskuan ikusi. Lointek Gernika Bizkaia, hain hurbil eta hain urrun aldi berean. Gainera, partidako errentarik handiena azken emaitzan lortu zuten.
“Venezia edo Girona bezalako taldeen aurka xehetasun guztiak ondo egitea oso garrantzitsua da, akats bakoitza zigortzen duten taldeak dira. Lehen bi laurdenetan, esate baterako, lan ona egin dugu, baina kontraerasoan puntu erraz asko sartu dituzte. Hirugarren laurdenean esfortzu handia egin dugu, eta azkenean indar barik geratu gara”, adierazi du Anna Montañanak. Itziar Ariztimuñok ere bide beretik jo du partidaren analisia egiterakoan: “Ez da gure partidarik onena izan, erasoan mugikortasun falta izan dugu eta defentsan atzera korrika egiterakoan min handia egin digute”.
Etenik gabe. Lointek Gernika Bizkaia Emakumezkoen Endesa Ligara itzuliko da zapatuan [azaroak 5] 18:30ean Spar Kanaria Handiaren aurka. Ligako azken hiru partidak etxetik kanpo jokatu ostean, denak ala denak porrotekin, Malostera itzuliko dira gernika-lumotarrak. Helburua garaipenen bidera itzultzea da. Horretarako, oso garrantzitsua izango da errebotea kontrolatu ahal izatea. Kanariar uhartekoen joko estiloa oso oldarkorra da, gazteak eta lotsabakoak dira. Sika Kone da taldeko izar nagusia eta Petra Holesinska jokalaririk sasoikoena 18,6 puntu y 6,2 errebote lortzen ditu bataz beste.