Badator metalzaleen hitzordua
Bermeoko Kafe Antzokia metalzaleen topaleku izango da zapatu gauean; hain zuzen ere, Spookypheria Productions elkarteak antolatzen duen Halloween Metal Fest jaialdia hartuko du 20:30etik aurrera.
Metalzaleek egutegian gorriz jarrita daukaten hitzordua da Halloween Metal Fest jaialdia, eta badator. Spookypheria Productions elkartekoek “pozik” antolatu dute jaialdiaren hamalaugarren aldia, izan ere, ohiko formatura bueltatuko dira lau taldegaz. Hala, Bermeoko Kafe Antzokia metalzaleen topaleku izango da zapatuan.
Gogorarazi dutenez, iaz ere jaialdia egin zuten baina formatu “txikiagoan”, orduko egoerara baldintzatuta; bi talde igo ziren Kafe Antzokiko agertokira. Aurten, pandemia aurretik egin modura, lau izango dira berriro ere agertokira igoko diren taldeak.
20:30ean zabalduko dituzte Kafe Antzokiko ateak, eta 21:15ean hasiko da lehenengo taldearen kontzertua. Jon Ander Santamariaren eta Txaber Miravallesen Kruddö talde bermeotarra hasiko da jaialdia girotzen. When Evil Comes talde gasteiztarraren txanda izango da 22:20 aldera, eta horien ostean, 23:20an igoko dira agertokira nazioarteko jaialdietan mugitzen den Crisix talde kataluniarra. Duela hamabi urte jailadi berberean parte hartu zuen Orion Child durangarrekin amaituko da Halloween Metal Fest.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, aurten ez da videojukeboxik egongo. Hala ere, ateak zabaldu eta lehenengo kontzertua hasi orduko, bideoklipak jarriko dituztela azaldu dute, “girotzen hasteko”.
Gainera, When Evil Comes taldearen kontzertuaren ostean, Bullets of Misery taldearen Arranguren corridorean bideoklipa aurkeztuko dutela jakitera eman dute. Debile Principium Melior Fortuna Sequatur izenburua edukiko duen diskoaren baitako kantua da.
Sarrerak salgai daude Bermeoko Kafe Antzokiaren webgunean. Bermeon bertan, Kafe Antzokian eta Luman ere erosi daitezke 15 eurotan, Gernika-Lumon Ospa tabernan aurkitu daitezke, baita Bilboko Metalen eta Gothic Zonen ere. Zapatuan lehiatilan ere erosi ahalko direla zehaztu dute, 18 eurotan.
Antolatzaileak zapatua iristeko “gogotsu” daude, eta “betiko giro ona” espero dute.