Gaztelugatxe eta Bermeo lotzeko pasealekuaren lehen fasearen proiektua onartu du aldundiak
Pasealekuaren lehenengo fasea lehendik dauden pistetatik igaroko da, eta 4,5 kilometroko luzera izango du.
Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko San Juan eta Bermeoko herrigunea lotuko dituen oinezkoentzako bidearen lehen fasea egiteko proiektua onartu du. Azaldu dutenez, lehenengo faseak Lurgorri eta Erleko Puntako begiratokia lotuko ditu, eta Madariaga errekaren ibarbidea gainditzeko pasabidea ere egingo dute. Hori guztia egiteko aurrekontua 707.800 eurokoa izango dela zehaztu dute, eta zortzi hilabeteko epean egitea aurreikusten dute.
Pasealekuaren lehenengo fasea lehendik dauden pistetatik igaroko da, eta 4,5 kilometroko luzera izango du; BI-4203 errepidearen ondotik joango da tarte batean. Zati hori, hain zuzen, Ermualdeko merenderoan hasiko da, Matxitxako itsasargitik igaro eta Erleko Puntako begiratokiraino iritsiko dela jakitera eman dute. “Jarduketa eremu ia osoa Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan eta Gaztelugatxeko ingurune babestuan dagoenez, bide horren diseinua eta hori gauzatzeko egingo diren lanak bat datoz espazio horietarako araututako kontserbazio neurriekin, eta ahalik eta naturaltasun handiena mantenduko dute, ingurunea artifizializatzea saihesteko”, esan dute aldundiko ordezkariek.
BI-4203 errepidearen ondotik doan zatiak, harlangaitzezko hormaren eta itsasargi zaharreko harlangaitzezko itxituraren arteko bidea hartuko du. Zati batean ibilgailuak itsaslabarrerantz joatea eragozten duten zurezko bolardoak jarriko direla aipatu dute, “segurtasunagatik eta inguruan aparkatzea saihesteko”. Halaber, ikuspen gutxiko bi bihurgunetan, “segurtasuna hobetzeko” lanak egingo dituzte, eta abiadura mugatzeko seinaleak ordezkatzeaz gain, gehiago jarriko dituztela diote; gehienez ere, orduko 30 kilometroko abiadura ezarriko dute. Bihurgune horietara sartu aurretik, gainera, errepidean margotutako abisuak jarriko dituzte.
Madariaga erreka zeharkatzeko pasabidea egiteko lanak baldintzatuta daudela zehaztu dute, “landare babestuak daudelako inguruan, lekura iristea zaila delako eta itsasoa hurbil dagoelako”.
Erleko Puntako begiratokian, berriz, BI-3101 errepidearen zabaleratik bereizten duen horma eraitsiko dutela diote. Era berean, eremu horretan dagoen malda kentzeko, bi metroko zabalera izango duen arrapala bat egiteaz gain, egurrezko baranda bat jarriko dute. Gainera, begiratokiaren iparraldean dagoen zuhaiztia moztuko dute, sastrakak kenduko dituzte eta begiratokiaren inguruko belarra ere moztuko dute. Horrez gain, inguru horretan dauden altzariak berrituko dituztela azaldu dute, egungo jesarlekuak ordezkatuz. Begiratokian dagoen argibide taula ere konponduko dute.
Erabiltzaileen orientazioa errazteko, bestalde, bidearen bi noranzkoetan geziak dituzten zutoinak jarriko ditu aldundiak, “Bakiotik Matxitxakoko itsasargiraino erabiltzen den eredu bera erabiliz”.