Goienetxeren gazta erdia 6.100 eurotan saldu dute
Aurten, bigarren gaztarik onena ez da enkantera atera; Agiñigako Larrabek eroan du bigarren saria.
Urte bi eta gero, beste behin ere, jendez gainezka egon da Merkurio iturri ingurua gazta enkantea ikusteko. Aurten ere, Jose Antonio Bastegieta Markok-k gidatu du enkantea. Berritasun modura, aurten, bigarren gaztarik onena, ez da enkantera atera. Markok esan du, epaimahaikideek esan dutela “ez daukala” garrantziarik”, bigarrenaren eta lehenengoaren artean “alde handirik ez delako egon”. Gazta gozoena, epaimahaiaren arabera, Beñat Egañaren Goienetxe (Mutriku) izan da. Gazta erdia Gernika-Lumoko 1000 Kolorau Jatetxeak erosi du 6.100 eurotan; 2019an, 6.600 eurotan saldu zen gazta irabazlea. Enkanteko dirua, aurreko urteetan egin bezala, Gernika-Lumoko Kaltzada Egoitzarentzat izango da
Agiñigako Larrabek (Araba) eroan du aurtengo bigarren saria, eta hirugarrena, berriz, Galarretako (Araba) Azkarra gaztandegiarentzat izan da.
Eskaintzaile gutxik parte hartu dute aurtengo enkantean, eta Xaibor diskofestaren eta 1000 Kolorau Jatetxearen artean egon da lehia.
Jose Egaña (gazta onenaren irabazlea): “Maiatzean batutako esneagaz egindako gaztak aurkezten ditugu lehiaketetara”.
Bi urte eta gero Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehenean egotea garrantzitsua al da?
Bai, oso garrantzitsua da; luze egin zaigu itxaronaldia.
Lehenengo saria irabazten duzuen lehenengo aldia da?
Bi bigarren sari eta hirugarren sari bat dauzkagu, eta aurten espero genuen lehenengo saria, eta etorri da. Lehiaketara aurkezten zaren bakoitzean lehenengo saria espero duzu. Zain geunden eta oso pozik gaude.
Sekreturik bai?
Sekreturik ez daukagu. Gazta hau maiatzean batutako esneagaz egindakoa da. Maiatzean ardiak kanpora ateratzen hasten dira, eta niretzako orduko esnea da onena. Saiatzen gara, hortaz, maiatzean egindako gaztak lehiaketetarako gordetzen. Denak berdin egiten ditugu, baina udaberriko larreak badauka bere gauza.
Zazpi lehiaketetara aurkezten dituzue gaztak. Denetatik zein da sariketarik bereziena?
Edozein sari berezia da, baina Gernika-Lumokoa oso garrantzitsua da. Esango nuke Ordiziakoa dela garrantzitsuena, eta bigarrena Gernikakoa. Sariak poztasuna dira, eta lanean jarraitzeko gogoa ematen dute. Baina ez lehenengoko sariek bakarrik, baita ere bigarren eta hirugarren sariek. Hor gaude, eta gure izena entzuten da.
Zenbat gazta ekarri dituzue Gernika-Lumora?
70 gazta inguru ekarri ditugu. Gutxi falta ziren saria jaso orduko, ondoren ziurrenik denak salduko direla.
Zer nolako giroa dabil Gernika-Lumotik?
Ikaragarrizko giroa dago, gaurkoa egun borobila izaten ari da.
Gaztandegien egoera zelan dago?
Nahikoa triste. Orain, gainera, dena garestitu da, eta gaztaren prezioa ezin dugu askorik igo. Nahikoa estu gabiltza, baina eutsi egin behar diogu, gazta ondo saltzen delako.
Sariek lagundu egiten dute gazta gehiago saltzen?
Edozein sarik lagundu egiten du salmentetan, bai.
Sariak:
- Loreak eta landarak: Ortuberri (Iurreta).
- Eztiak: milalorak: Garikoitz Llona (Zornotza).
- Eztiak: txilar eztia: Jabier Larrinaga (Kortezubi).
- Frutak: Bizkaia Berri.
- Txakolina, zuria: Uriarte (Berezia upeltegia, Gamiz).
- Txakolina, gorria: Sasine (Butroi upategia, Gatika).
- Txakolina, baltza: Magalarte (Lezama).
- Barazkiak eta ortuariak: Goreko (Mungia).
- Gaztak:
- 1. saria: Beñat Egañaren Goienetxe (Mutriku).
- 2. saria: Larrabe (Agiñiga, Araba).
- 3. saria: Azkarra ( Galarreta, Araba).