Leire Sorhouet: "Erakusleihoa eta topalekua da azoka"
Bizkaiganek bi postu jarriko ditu Urriko Azken Astelehenean, astelehenerokoa eta beste bat. Administrazioen hausnarketa «sakona» behar dela uste du, «lehen sektorea ez desagertzeko».
Zer da zuentzako Urriko Azken Astelehena?
Astelehenero goaz gu Gernika-Lumoko plazara, Gernikakoa plaza oso garrantzitsua da. Urriko Azken Astelehena, berriz, sektorearentzako erakusleiho bat da, nahiz eta izan denetik egun denera asko aldatu den. Bertan bezeroek eta ingurukoek urtean egiten dugun lana ikusi ahal dute. Urria uzta sasoia da, eta uzta horretatik ateratzen da etekinik handiena. Erakusleihoa izateaz gain, topatzeko gunea ere bada sektorearentzat. Tamalez, aurten, ez da EHNEren txosnarik egongo, eta pena handia da. Horretan batzen ginen, urtean ikusten ez ginen sektoreko kideak.
Saldu egiten da Urriko Azken Astelehenean?
Guk bi postu jartzen ditugu. Betikoa, astelehenero moduan, ohiko bezeroentzat, esne gordin freskoagaz eta jogurtagaz. Eta, bigarren postua da, kasu honetan, erakusleihoa. Egia da jendea jatera eta edatera joaten dela. Hala eta guztiz ere, produktuaren araberakoa dela esango nuke; uste dut egun horretan gaztak, esate baterako, barazkiak baino hobeto saldu daitezkeela. Egun horretan ez dira asteroko erosketak egiten, hainbat lekutatik datozen ekoizleen kapritxosko gauzak erosteko eguna dela uste dut. Bai nabaritzen dugu gutxiago saltzen dela, baina egin beharrekoa da.
Zein da zuen produktuetatik gehien saltzen dena Urriko Azken Astelehenean?
Ziurrenik gazta sikua eta elur maluta izango dira gehien salduko direnak, azken hau brie antzekoa da.
Zein da eskualdeko ekoizleen egoera?
Orokorrean, txarto dago, ez da berritasun bat. Orain, gainera, kostuen igoerek eman duten kolpea izugarria da; gasolioa, pentsua… Belaunaldien arteko erreleboak ere gutxi egongo dira, zaila da. Bizkaiganen kooperatiba sortu dugu, eta belaunaldien erreleboa bermatu ahal izan da, baina, orokorrean, gero eta txarrago doa. Urriko Azken Astelehena moduko plazak garrantzitsuak badira ere, administrazioek benetazko hausnarketa sakon bat egin beharko lukete. Guk, nekazariok eta abeltzainok, gure egunerokotasunean, esfortzu handia egiten dugu. Nahiz eta diru laguntzak egoten diren, lehen sektoreak horrela jarraitzen baldin badu, desagertzeko arriskua dauka, eta industria handien menpe geratuko gara.