Busturialdeko eta Lea-Artibaiko kooperatibek ere Euskaraldiagaz bat egin dute
Babesteaz gain, modu aktiboan parte hartuko dutela esan dute ondoko kooperatibek: Maier, Kide, Eika, Fagor Arrasate, Cikautxo, Leartibai Fundazioa, Burdinola eta Laboral Kutxa.
“Eskualdeko kooperatibok urteak daramatzagu lana euskaraz egiteko bidean, eta jarrera aktibo horrekin jardun nahi dugu Euskaraldian ere”, esan dute zortzi kooperatibetako ordezkariek. Eta horren adibide izan da gaur [urriak 28] Markina-Xemeinen egin dute agerraldia. Hizkiak eskuetan hartuta, Euskaraldiari “gogotsu” ekingo diotela esan dute.
Alde batetik, euskaraz lasai aritzeko Arigune izendatu dituzte kooperatibok, “eta Belarriprestok eta Ahobiziok aukera berriak izan ditzagun lan egingo dugu elkarrekin, lantokiz lantoki”. Bide horretatik, azpimarratu dute euren kooperatibetako Ariguneek uneoro euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dutela, lantoki barruan edota herritarrekin dituzte harremanetan. “Horretarako, gure harreman sareetako hizkuntza praktikak aztertu eta horietan ez ezik, gainerako esparru guztietan ere euskaraz ariko gara, ahal den guztietan, eta ahal den guztiekin. Hitzez ekingo diogu”.
Agerraldian parte hartu duten kooperatibetako ordezkariak:
- Kide: Agustin Bengoetxea eta Lorea Sainz
- Eika: Iñigo Arrieta
- Fagor Arrasate: Ibon Mondragon eta Jon Urzuriaga
- Cikautxo: Ugutz Arantzamendi
- Leartibai Fundazioa: Yanoba Mariezkurrena
- Burdinola: Aratz Akarregi
- Maier: Urko Mantzizidor
- Laboral Kutxa: Eneritz Egaña eta Ainhoa Zubia