Jacqueline Txertudi: "Bertokoa kontsumitzen ez bada, nekez eutsiko diogu gure paisaiari"
Urriko Azken Asteleheneko Azokak bezero berriak egin eta produktuak ezagutzera emateko balio izaten diela dio Txertudik. Azokarako prestaketa lanetan ordu asko sartzen dituztela dio.
Jacqueline Txertudi eta bere familia Kortezubiko Idokilis auzoan kokatuta dagoen Barrenetxe-Barri baserrian bizi dira. Nekazariak eta abeltzainak dira, eta urriko azokarako lan eta lan ari dela, lehen sektorean dihardutenen garrantzia azpimarratu du.
Zer suposatzen du zuentzako Urriko Azken Asteleheneko azokak?
Bezero berriak egiteko eta guk ekoitzen ditugun produktuak ezagutzera emateko aukera eskaintzen digu azokak.
Eta salmentei dagokienez, zelako plaza izaten da?
Eguraldiaren araberakoa ere izaten da hori. Sentsazioa daukat aurten jendea gehiago etorriko dela ondo pasatzera erostera baino. Dena dela, aurten ez da saltzeko askorik ere egongo.
Aurtengo uzta ez da ona izan?
Batere ez. Aurtengo uda oso lehorra izan da, eta hori asko igarri dugu. Horrelakorik ez dut ezagutu inoiz. Beste urteekin alderatuz, aurten askoz gutxiago ekoiztu dugu.
Azokan ze produktu saltzen duzue gehien?
Indaba, zalantza barik.
Zenbat urte daramatzazue Urriko Azken Asteleheneko azokan parte hartzen?
Ni antzina ez nintzen azokara joaten, baina orain urteak daramatzagu parte hartzen, 2008az geroztik edo.
Urteekin, azokako giroa aldatzen joan da?
Lehen jendea erostera joaten zen gehiago. Herritarrak ere astelehenetan merkatura joaten ziren. Orain, aldiz, gehiago erosten da Internetez. Eta Urriko Azken Astelehenean jendeak nahiago izaten du osteratxo bat egin eta ondo pasatu.
Zer esango zenieke azokara bakarrik ondo pasatzera joaten diren horiei?
Nik Internetez ere saltzen dut (www.nanike.es), baina bai esango nieke oso garrantzitsua dela bertoko ekoizleei erostea. Ni saiatzen naiz nire bezeroak mimoz tratatzen eta haien beharretara egokitzen. Guk ikasleen bisitak ere edukitzen ditugu, eta haiei beti esaten diet eurak direla hurrengo belaunaldia. Bertoko produktuak kontsumitzen ez badira, inguruan daukagun paisaiari ere nekez eutsiko diogu. Azken finean, lehen sektorean dihardugunok mantentzen dugu daukagun ingurua garbi eta txukun. Ulertzen dut merkatal gune handiekin alderatuz, bertoko produktuak garestiagoak direla. Baina pentsatu behar dugu guk ere bertoko jendeari lana ematen diogula; gure atzetik lanpostu asko daude.
Azokarako prestaketa bereziak egiten dituzue?
Betiko lanaz gain, aparteko beste lan bat suposatzen du. Ordu asko eta asko sartzen ditugu prestaketetan; postua apaindu eta produktuak prestatu behar izaten dira. Uste dut jendeak hori ez duela ikusten.