Lau eta erdiko Master Laboral Kutxa txapelketa, urteko hitzordurik garrantzitsuena
Txapelketa gaur aurkeztu dute Bilbon, Lea Ibarra Motrollo taldeko Amaia Aldaik eta Hiru Hiriburuak txapelketan gailendu berri den bere taldekide Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarrak. Biek final laurdenetan ekingo diote txapelketari, azaroaren 20an, Berrizen. Finala abenduaren 10ean jokatuko da, Zornotzako Zelaietan.
Emakumezkoen pilota munduan, urteko txapelketarik garrantzitsuena da lau eta erdiko Master Laboral Kutxa txapelketa. Gaur egin dute aurkezpena, Bilbon, eta nondik norakoak azaldu dituzte. Lea Ibarra Motrollo taldeko Olatz Arrizabalaga eta Amaia Aldai izan dira txapelketako aurkezpena egiteko arduradunak.
Gero eta gehiago dira pilota mistorako jauzia ematera ausartzen diren emakumeak. Zapatuan Legution eta domekan Atxondon hasiko den txapelketan 65 izango dira parte hartzaileak. Izen ematea erabat librea izan da. 28 emakumek eman dute izena pilota mistoan eta 37 pilotarik jokatuko dute pilota goxoagaz. Aldaik azken txapelketan lorturiko txapela errepikatu nahi du eta gernika-lumotarrak iazko laugarren postua hobetu. Biak ala biak final laurdenetan ekingo diote txapelketari, azaroaren 20an Berrizen.
Oraindik orain emakume gehienak pilota goxoarekin jokatzen badute ere, asko ari dira orekatzen, mistoarekin jokatuko dutenak %43 baitira. Iazko datuekin alderatuta, igoera nabarmena da; iaz %36 izan ziren mistoagaz aritu zirenak, eta 2019ko lehen txapelketan %28 baino ziren. “Emakumeen esku pilota etengabeko garapen batean murgilduta dago eta datu hauek argi uzten dute nondik pasatzen den modalitatearen etorkizuna, formakuntzan pilota goxoaren garrantzia inolaz ere baztertu gabe”.
Maila handia. Baina pilotarien kopuruaz harago, pilotarien kalitatea ere azpimarratu behar da. Hain zuzen ere, Arrizabalaga eta Aldai dira hautagai nagusietako bi. Aldaik azken txapelketan lorturiko txapela errepikatu nahi du eta gernika-lumotarrak iazko laugarren postua hobetu. Biak ala biak final laurdenetan ekingo diote txapelketari, azaroaren 20an Berrizen.
Berritsunen artean Laia Salsamendi harri bitxiaren itzulera da epe luzeko lesio larria atzean utzi ostean. Beste alde batetik, Daniela Vargas mexikarrak lehen aldiz jokatuko du pilota mistoarekin, herrialde horretako eta Ameriketako lehen emakumea izango da material horrekin jokatzen. Aldai eta Arrizabalagaren aurkarien zerrenda luzea da, besteak beste Enara Gaminde, Miriam Arrillaga edo Leire Garai.
Txapelketak, dagoeneko ezarria du bere ibilbidea eta Legutio eta Atxondoren ondoren, Usansolo, Okondo, Gordexola, Berriz, Galdakao eta Abadiño izango ditu geraleku. Finala abenduaren 10ean jokatuko da Zornotzako Zelaieta pilotalekuan. Abenduaren 4ko Abadiñoko finalerdiak eta 10eko finalak ETB 1en eta EITB.eus atarian ikusi ahal izango dira zuzenean.