Ikasle Abertzaleek hezkuntza sistema sozialista aldarrikatu dute
Gaurko greba egunean egindako manifestazioetan 'hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu!' lelopean zeharkatu dituzte Euskal Herriko hiri nagusiak.
Gaurko Ikasle Abertzaleak deituriko greba egunak jarraipena izan du gazteen artean. Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeako kaleak hartu dituzte hezkuntza sistema sozialista bat aldarrikatuz. Busturialdeko ikasleek Arriagan amaitu den Bilboko mobilizazioagaz bat egin dute.
Ikasle Abertzaleak salatu du ikasturte hasieran bigarren hezkuntzaren esparrua “hankaz gora” aurkitu dutela: “Ikastetxe eta zentroen noraeza, ikas baldintzen okertzea, neurri berri guzti hauen gaineko ezjakintasuna eta, aurreko kurtsoetan bezala, desados agertu garenon isilaraztea”. LOMLOE nahiz EAEko Hezkuntza Legea aurrerapen bezala saldu dutela esan dute, eta miseriazko hezkuntza baten oinarriak finkatzera etorri direla. “Heziketaren desegitea, diziplinamenduan oinarritutako heziketa prozesua eta bitarteko gutxien dituztenen kanporaketa. Eta gainera, inposatu zaigun hezkuntza eredu hau, politikari profesional eta enpresari handien agindupean dago”.
Ikastetxeak diziplinamendu hutserako zentroak bilakatzen direla adierazi dute, “konpetentzia jakin batzuen baitan ebaluatzen edota autoritarismoa zein infantilizazioa hedatzen, ikasleoi hitza kendu eta guztiz otzanak nahiz esanekoak garela bermatzeko”. Elitizazioa pairatzen ari direla esan dute, ikasketa prozesuak ez direlako berak ikasle txiro eta dirudunen artean. Etorkizun ziurgabea dutela aurretik azpimarratu dute, eta batez ere, gero eta gutxiago asetzen dituela proletargoaren beharrak.
“Ikasle langilea hezkuntza prozesutik indarrez kanporatua izateraino”
Horrez gain, hezkuntzaren izaera inposatzailea salatu dute, hezkuntzaren norabidetza elite baten eskuetan dagoela esanez. Erreforma guztiek langile klasea “zuzenean” kolpatzen dutela zehaztu dute, “ikasle langilea hezkuntza prozesutik indarrez kanporatua izateraino”. “Garbi daukagu ere, hezkuntzaren arazoaren konponbidea ez dugula ez legeen aldaketa konkretuetan ez parlamentuko zirkuan aurkituko. Horregatik, politikarien iruzurrari ez esan eta hezkuntza erreformen aurrean antolatzeko unea dela uste dugu”.
Elkartasuna. Hain zuzen ere, doakoa, kalitatekoa eta unibertsala den hezkuntzaren alde borrokatuko dutela aurreratu dute. “Mobilizazio hau hemen amaitzen ez dela adierazi nahi dugu, erreforma garai honetan antolatzeko nahiz mobilizatzeko beharra agerikoa da, bidea ez da amaitu eta horretan jarraitu beharra daukagu”. Despolitizatzen eta ideotizatzen dituen hezkuntza ereduaren aurrean ikasleon adimenaren garapen askerako eta pentsamendu kritikoa sustatzeko hezkuntza ereduaren alde borrokatuko dutela adierazi dute. Lan asko dutela aurretik eta hasi besterik ez direla egin esan dute, “ikastetxez ikastetxe antolatzen eta mobilizatzen jarraitu beharra daukagu, hezkuntza sozialistaren bidea eraikitzen jarraitu beharra daukagu”.
“ikastetxez ikastetxe antolatzen eta mobilizatzen jarraitu beharra daukagu”
Bilboko manifestazioaren amaieran, Arriagan, txalo artean adierazi diete babesa eta elkartasuna azken asteetan, lan politikoa egiteagatik, ikastetxeetan zuzendaritzaren eta irakasleen jazarpena jasan duten ikasleei. “Babes osoa Iruñeako hiru ikasle kanporatuei, Bilbon seinalatuak izan diren ikasleei edota ezkerraldean kanporatua izateko mehatxupean dagoen ikasleari”.