Bertoko zuhaitzak landatuko dituzte Peruaristin
"Dena ondo badoa", 2023ko neguan landatu gura dituzte bertoko zuhaitzak.
Matxitxako inguruan dagoen Peruaristi lursailean bertoko zuhaitzak landatuko ditu Bermeoko Udalak; lursailak, 4.400 metro kuadro ditu. Gogorarazi dutenez, iazko maiatzean Bermeoko Udalak Basoen Adierazpen Instituzionala onartu zuen, eta bigarren puntuak hurrengoa zioen: “Bermeoko Udalak mendi publikoetan, bereziko udalaren jabetzakoetan, baso kudeaketa iraunkorrago batean alde egingo du, jarduera eredugarriak bultzatuko ditu eta eukaliptoen azalera murriztu eta bertoko baso anitzak sustatuko ditu”.
“Konpromisoa” betez, Peruaristi lursailean pausoak ematen hasi direla esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak. Lanketa, hala ere, “ez dela erraza” gaineratu du: “Lehenik eta behin eukaliptoak kendu genituen, eta gero, horiek moztean ateratzen diren kimuak ere kendu genituen. Dena ondo badoa, 2023ko neguan bertoko zuhaitzak landatuko ditugu, lehengo basoa berreskuratu asmoz. Ez da prozesu laburra baina etorkizunean bertoko zuhaitzez osatutako baso ederra izango dugu. Gure helburua da gure esku dauden mota horretako ekintzak apurka-apurka egitea”.
Azaldu dutenez, ekintza honek eta udalak 2021eko maiatzean onartutako adierazpen instituzionalak Nazio Natuetako Garapen Jasangarrirako 15. helburuagaz bat egiten dute: “Basoak modu iraunkorrean kudeatzea, desertifikazioaren aurka borrokatzeko lurren degradazioa gelditzea eta biodibertsitatearen galera inbertitzea”.