'Aita Mari' ontziari laguntzeko kontzertua antolatu dute
Bermeoko abade Juanjo Elezkanok 'Hego eta Erro' diskoa aurkeztuko du. Ia zazpi urte daramatza Bermeon abade, eta, lehenengoz, abeslari modura jardungo du.
Ia zazpi urte daroaz Juanjo Elezkanok Bermeon abade, herritar askok ez dakite, baina hamahiru disko dituela besapean. Hego eta Erro izena dauka azkenengo diskoak, eta Aita Mari ontziari laguntzeko etzirako antolatu duten kontzertuan aurkezteko aukera edukiko du. Santa Eufemia elizan izango da kontzertua, 19:00etan. Elezkanogaz batera, dultzaineroak, Kankinkabara Txistu Taldea, Bermeoko Abesbatza eta Joseba Egaña saxofoi altua eta Juan Ramon Duke saxofoi baritonoa egongo dira.
Sarrera sinbolikoa izango da, euro batekoa. Izan ere, Elezkanoren azkenengo diskoak balio dituen hamar euroetatik bat Aita Mari proiektua laguntzera bideratuta dago. Hain zuzen ere, errefuxiatuei zuzendutako Nor zaitut kantua sartu du Elezkanok diskoan, eta laster bideo bat ere grabatuko dutela aitortu du, proiektuari laguntzeko izango dena. Kantu hori, gainera, barikuko errepertorioaren baitan sartu du Elezkanok, beste hiru kantugaz batera.
Diskoa orain dela gutxi kaleratutakoa bada ere, orain dela 25 urte egindakoa dela aipatu du: “Lauaxeta ikastolatik eskatuta egin genuen, 12-13 urteko gazteei erlijio klaseak emateko. Klaseetan geratu zen orduan, eta duela zortzi hilabete erabaki genuen kaleratzea, eta prest zeuden hamabi kantuei errefuxiatuen aldekoa gehitu diogu”. Diskoak, hortaz, hamahiru kantu ditu, eta errefuxiatuena izan ezik, fedeagaz lotutakoak dira letrak. “Sei abaderen artean jarri dugu dirua, eta diskoagaz lortzen dena hurrengo proiektua ordaintzeko erabiliko da”.
Letra gehienak Lontxo Zugazagak eta Mikel Zaratek idazten dituzte, eta Elezkanok doinua jarri eta orkestraren esku uzten ditu, “abestiak borobiltzeko”. Azaldu du lehenengo diskoa 1980an kaleratu zuela: Jaunari. Txikitatik datorkio musikarekiko zaletasuna, hala ere, musika munduan formakuntza handirik ez daukala dio.
Parte hartzea bilatu. Barikuko kontzerturako bakoitzak bere errepertorioa prestatu du, hala ere, amaieran denak batera abestuko dute Adiskide bat zen abestia. Elezkanok berak jendearen parte hartzea bilatuko du; lehenengo, gitarragaz joko ditu abestietako leloak, eta ondoren, grabaketa jarrita, bertaratutakoak gonbidatuko ditu abestera, letra jarrita.
Abestietako batzuk mezetan erabiltzen dituela esan du, beste batzuekin tartekatuta: “Batzuetan lotsatu egiten naiz nik egindako kantuak erabiltzeagatik”. Horregatik dio ez zuela barikukoa egiteko gogorik: “Jon Etxebarria abadeak bultzatuta egin dut. Beste herri batzuetan egin dudan moduan, nire herrian ere egin behar nuela esaten zidan. Nik neuk, baina, esaten nion beste herrietan ez naizela ezaguna. Baina Bermeon, ni ez naiz abeslaria, abadea naiz, eta jendeari kosta egiten zaio beste horretan ikustea”.
Hala eta guztiz ere, uste du Etxebarriak «ondo baino hobeto» aukeratu dituela etziko kontzertuan Elezkanogaz batera egongo diren musikariak: “Ni besteen artean bat izango naiz, eta modu horretan babes handiagoa sentituko dut. Beste herri batzuetan ni bakarrik egoten naiz”.
Kontzertuaren helburua “argia” dela dio, Aita Mari proiektua laguntzea. Helburua zein den argi edukita, kontzertura bertaratzen den jendeagaz “pozik” egongo da: “Hurbiltzen direnek gura dutelako egingo dute, mezekin gertatzen den modura. Lau katu egoten bagara ere, gaudenok bertan egon gura dugulako da”.
Hurrengo proiektu batean lanean ari da, eta horretan “Jaungoikorik ez Jesusik ez da agertuko”. Euskara eta euskaragaz lotutako hainbat gai ditu proiektuak oinarri.