Konpostatzeari buruzko informazioa jaso dute morgarrek
Morgako Udalaren konpostajea eta hondakinen birziklapena sustatzeko kanpainaren barruan, konpostatzeari buruzko informazio-gunea ipini dute bi asteburutan jarraian, udaletxea aurreko plazan.
Rosa Aurkia eta Leire Garmendia Laia Kooperatibako kideak egon ziren azalpenak ematen: “Sukaldean zein baratzean, etxean sortzen dugun organiko guztiak aukera badauka konpost bihurtzeko. Hondakin horiek kudeatzeko modua konposta da, eta konposta nola egin dezaketen herritarrei azalerazteko egon gara hemen”.
Udalak konpostagailuak erosi, eta, eskaria egiten dutenei doan banatuko dizkie. “Interesa daukatenek gerturatu eta konpostagailua hartzeko izena eman dute”. Gainera, gida bat kaleratu dute, eta udalak etxerik etxe banatuko du. Nola konpostatzen den, hondakinak nola bereiztu behar diren eta nola birziklatu daitezkeen azaltzen da bertan: “Garbiguneari buruzko informazioa ere ageri da; besteak beste, tamaina handiko hondakinak biltzeko zein funtzio betetzen duen eta non dagoen adierazten da”.
Bi ingurumen teknikariek azaldu dutenez, lehenengo asteburuan jende gehiago hurreratu zen bigarrenean baino. Urriaren 15ean eta 16an 15-20 pertsona artean hurbildu ziren informazio-gunera: “Herrian bertan ez dago aukerarik organikoa kudeatzeko; ez dago edukiontzirik, eta ez dago beste aukerarik. Orduan, espero genuen herritarrek interesa edukiko zutela. Iaz Arrietan egon ginen, udalak eskatuta, kanpaina bera egiten, eta han 50 bat pertsona animatu ziren, eta hemen espero genuen hurbildu direnak baino pixka bat gehiago animatzea”.