Hizkuntza ohiturei buruzko sormen lanak ondu dituzte arnasguneetako ehunka gaztek Arnasetik lehiaketan
Arnasa Gara ekimenak antolatutako Arnasetik bideo sormen lehiaketak erantzun “aparta” jaso duela azpimarratu dute. 99 lan aurkeztu dituzte euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10 eta 16 urte bitarteko ehunka gaztek, eta antolatzaileek finalisten zerrenda aurkeztu dute.
Adinaren arabera hiru kategoria bereiztu dituzte, eta kategoria bakoitzean lau lan aukeratu dituzte epaimahaikideek. 40 lan aurkeztu dituzte LHkoek, 52 DBH 1-2 mailetakoek eta 7 DBH 3 eta 4koek.
Bariku honetan (urriak 28) Villabona-Amasan egingo duten sari banaketa ekitaldian argituko da zeintzuk diren kategoria bakoitzeko irabazleak. 18:00etan hasiko da Gurea Antzokiko ekitaldia. Bertan, 2.000 euro banatuko dituzte saritan. Kategoria bakoitzeko lan onenari eta publikoaren sariaren irabazleari 500 euroko sari bana emango zaie, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko.
Arnasa Gara UEMAk, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. Gazteek euren sormena lantzeko eta arnasguneetako hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta pizteko helburuekin antolatu dute lehiaketa.