Bakearen Eraikuntza Saria Bakearen Museoan utzi dute
Kataluniako Bakerako Nazioarteko Institutuaren 2022ko Bakearen Eraikuntza Saria giza eskubideen, bakearen eta memoria historikoaren alorrean lan egin edo egiten duten zenbait erakundek, kolektibok, GGKE eta esperientziek jaso dute, eta horien artean daude Gernika Gogoratuz eta Bakearen Museoa. Bakearen Nobel Saridun Adolfo Perez Esquivel artistak eta ekintzaileak egindako 'Puerta de Sol' eskultura ekarri dute Bakearen Museora.
Kataluniako Bakerako Nazioarteko Institutuak (ICIP) Bakearen Eraikuntza Saria banatu zuen irailaren 21ean, Bartzelonan, eta Gernika-Lumoko Bakearen Museora eroan dute jasotako saria gaur. Hain zuzen ere, Bakearen Nobel saridun Adolfo Perez Esquivel artistak eta ekintzaileak egindako Puerta de Sol eskultura utzi dute museoan. Kataluniako Bakerako Nazioarteko Institutuak Euskal Herriko gizarte zibilaren ekimen-multzo anitza aitortu eta saritu du aurten, “bakearen aurrerapenari, indarkeria politikoaren amaierari eta bizikidetza- eta adiskidetze-esparru berriak sortzeari egindako ekarpenagatik”.
Hauek dira bakearen, giza eskubideen eta memoriaren alorrean lan egin edo egiten duten saritutako erakunde, kolektibo, GGKE eta esperientziak –batzuk deseginda daude–: Gernika Gogoratuz, Gernikako Bakearen Museoa, Foro Sozial Iraunkorra (FSI), Elkarri/Lokarri, Gesto por la Paz, Baketik, Bakeola, Eskubidez, Ahotsak, Emagune, Donostia Herritarren Foroa, herritarren topaketak, MemoriaLab eta Topaketa Errestauratiboak. Horien ordezkariak batu dira gaur, Gernika-Lumon.
Hala, errekonozimendu kolektiboa denez, saritutako erakundeek, ekimenek eta pertsonek erabaki dute eskultura Bakearen Museoan uztea. Saridun denen izenean, Eneko Calle Foro Sozial Iraunkorreko kideak eman dio eskultura Iratxe Momoitio museoko zuzendariari. Momoitiok esan du “ohorea” dela eskultura bertan izatea. Bisitariek ikusteko ez ezik, “gehiago ikasteko” ere balioko duela uste du: “Hainbat erakundek eta elkartek egiten dugun eta egiten jarraituko dugun inurrien lanari buruz gehiago jakiteko aukera edukiko dute aurrerantzean museotik pasatzen direnek”.
Xavier Masllorens ICIPeko presidentearen arabera, “orain dela urte askotik Euskal Herriko gatazka oso hurbilekoa izan da katalanentzat”. Bere berbetan, aurten saritu daitekeen “onena” saritu dute, herri batek izan dezakeen “altxorrik preziatuena”. “Anitza eta ausarta den eta antolatuta dagoen erakunde zibila, mundua hobetzera diharduena da altxorrik preziatuena. Askotariko zergatiengatik mundua hobetzeko helburuak izan daitezke, baina bakearen gaia bereziki garrantzitsua da”, azpimarratu du.
Azaldu du bakea ez dela soilik gatazka armatua ez izatea, “bake positiboa” aldarrikatzen dute eurek, oso zabala dena, “gauza asko” biltzen dituena. Batez ere, elkarrizketa, justizia eta ontasuna barne hartzen dituela zehaztu du: “Bakea ontasundun justizia da, eta bakearen kulturaren oinarria biolentziarik eza da. Gero eta armatuagoa den mundu batean bizi gara, gaur egun dauden zenbait gatazka larri biolentziagaz konponduko direla uste da. Ez dira biolentziagaz konponduko; prebentzioagaz, biolentziarik gabeko erresistentzia zibilagaz eta jende askoren etengabeko lan isil eta gorragaz baizik”. Bakezaleak errealistak direla deritzo, eta, mezu hori botere publikoari, administrazio publikoei helarazi behar zaiela esan du.
Bakea eraikitzeko egunero lan egin behar dela gogoratu du Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkate eta Gernika Gogoratuz eta Gernikako Bakearen Museoa Fundazioaren presidenteak: “Hona heltzeko lan asko egon da bidean. Bakea eraikitzea inoiz ez da amaitzen, egunero landu beharra dago, eta ez bakarrik erakundeetan, umetatik, eskolan hasita gizarte osoan landu behar da”.
Gernika Gogoratuzek zein Bakearen Museoak bakearen alorrean jorratutako pedagogiari eta ikerketari egindako aitortza esker onez hartu dutela gaineratu du: “Bi erakundeok hamarkadetan gatazkagaz eta bakeagaz lotutako kontzeptuak eta teoriak garatu dituzte, euren ikerketekin, foroekin, ponentziekin eta argitalpenekin jardun dute”. Gorroñok esan bezala, horiek egindakoari esker, egungo belaunaldiek “adiskidetze zentzuagaz” begiratzen dute iraganera. Gernika-Lumon zein nazioartean memoria historikoaren benetako esanahia zabaltzeko pedagogian ere “ekarpen esanguratsua” egin dutela argi dauka.
Eragile sozialen sare indartsua. Euskal gizartearen giza eskubideen eta bakearen aldeko sarituen isilpeko lan nekaezinaz berba egin du Monica Hernando Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariak: “Besteren artean, lan horri esker gaude orain gauden moduan. Bakean bizi gara, eta elkarbizitzaz eta askatasunaz gozatzen dugu. Gizarte honetan bizi izandako biolentziaren garairik gordinenean lan hori ez zen izan batere erraza”. Era berean, erronka “berrien” aurrean, horiek erakutsi duten “erantzuteko eta egokitzeko gaitasuna” nabermendu du.
“Beharrezkoa” den erakunde sozialen eta publikoen lankidetza ere hizpide izan du: “Erakunde publikoak eragile sozialekin eskutik joan behar gara, bidea elkarrekin egin behar dugu”. Helburuak eta ametsak konpartituta, eta independentziaz jardunda, kolaborazioa eta koordinazioa oinarrizkoak direla adierazi du. Bere ustez, instituzio publikoek “sare soziala sendotzeko erantzukizuna” daukate: “Denoi interesatzen zaigu erakunde eta eragile sozialen sare indartsua edukitzea”.
Bestalde, Kataluniako Bakerako Nazioarteko Institutuaren presidenteak azpimarratu du euren institutua publikoa bada ere, independientea dela, eta hori “zaindu” behar dutela: “Institutua altxorra da; herri gutxik eduki dezakete institutu publikoa eta independientea. Herritarrek ematen duten diruaren zati bat bakearen alde egiteko, zaintzeko, institutu bat izatea mantendu eta babestu behar dugu; bakearen eragile bihurtzen gaitu. Uste dut hemen ere beste altxor bat daukazuela, Bakearen Museoa”.
Hernandoren ustez, “zalantza edo ziurgabetasun” garaiotan giza eskubideak defendatzeko lana “funtsezkoa” da: “Giza eskubideak konkista dira, baina ezin dugu pentsatu lortu dugun konkista dela; zaindu, babestu eta defendatu behar dugun konkista da”. Bide horretan guztien lana beharrezkoa dela gogoratu du.