Ur Festibala, informazioa emateko eta kontzientziatzeko
Ur Festibala antolatu dute zapatu honetarako Gernika-Lumon. Besteak beste, Iñaki Antiguedad, Iratxe Arriola eta David Hoyos adituekin mahai-ingurua, ur-dastaketa eta Ross Dantza Eskolakoek erakustaldia prestatu dituzte.
Ur Festibala egingo dute zapatuan (urriak 22), 11:30etik aurrera, Merkurion eta Pasealekuan.
Iñaki Antiguedad, Iratxe Arriola eta David Hoyos adituekin egingo dute mahai-ingurua, eta nutrizioan aditua den profesional bat ere gonbidatu dute. Bestalde, bertoko iturrietako uren dastaketa, dantza emanaldia eta yoga saioa egingo dituzte.
Hasierako hitzaurrea amaituta, Gernika-Lumoko Ross Dantza Eskolakoek ura oinarri hartuta sortu duten dantza eskainiko dute, eta, ondoren, solasaldian batuko dira.
Antolatzaileek esan dute euren asmoa jendeari informazioa ematea eta kontzientziatzea dela: “Uraren egoerak eta bizi dugun sikateak kezkatzen gaituen hezkuntza arloko lau pertsona elkartu gara. Ikusi dugu itsasontzi batean ura ekarri dutela eskualdera, eta baita sarean ur asko galtzen dela ere: Oizeko hodian %40ko galera dago eta %37 Golako errekakoan (Arratzutik Bermeora doana). Gainera, aurretik ere ur-baliabideak suntsitu dituzte hemen, adibidez, Autzaganen, Mundakan eta Busturian”.
Busturialdean gertatzen ari dena jakitea eta ezagutara ematea garrantzitsua dela uste dute, “ura denona delako”. Beraz, gaur egungo egoeragaz batera, iraganean egindakoa ere aztertuko dute: “Atzera begiratuko dugu, hona zelan ailegatu garen ikusteko, eta etorkizunari buruz ere berba egingo dugu. Gaia konplexua da, eta uste dugu asko ikasiko dugula. Halakoak antolatzen ez daukagu inolako esperientziarik, eta espero dugu dena ondo ateratzea, eta, agian, gerora, beste gai bati buruz antzeko zerbait egingo dugu”. Era berean, “ura garela” gogoratu dute: “Gorputzaren %75 ura da”.
Antiguedad geologiako irakaslea, ekologista eta hidrogeologian katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatean, Geologia Departamenduan. Arriola Busturialdeko Ur Partzuergoko presidente izandakoa da. Hoyos EHUko Ekonomia eta Enpresa fakultateko irakaslea eta ikerlaria, besteak beste, ekonomia arloko gaiei buruzko azalpenak eta zalantzak argitzeko gonbidatu dute. Alex Carrascosa Gernika Gogoratuzeko kidea ariko da moderatzaile lanetan. “Antiguedad erreferentea da, eta oso ondo ezagutzen du ingurua. Arriola partzuergora heldu zenean 3 milioi euroko zorra zegoen eta milio bat eta 700.000 mila euroko superabitagaz utzi zuen. Hoyosek ekonomia berdearen eta ekonomia jasangarriaren alorrean lan egiten du”, zehaztu dute.